3 urte bete dira Kamiñaldeko ezbeharretik eta amaitzear daude lanak

0

2016ko martxoaren 8an izan zen Ondarroako azken urteetako ezbeharrik latzena, Kamiñaldeko mendi magalaren erorketarekin. 179 familiaren bizitza baldintzatzeaz gain, ordutik hona herriarentzat zama handia izan dela adierazi du Zunbeltz Bedialauneta alkateak. Egun obrak bukatzear daude eta herritarrek egindako lana eta esfortzua eskertu nahi du alkateak.

Denetara 14.000.000 euroko kostua izan du Kamiñaldeko mendi magala konpontzeko obrak. Ondarroako Udalak 7 milioi euro jarri ditu, Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi, Bizkaiko Foru Aldundia 2,5 milioi eta Espainiako Gobernuak 2,180 milioi.

179 familiek utzi behar izan zuten euren etxea 2016ko martxoaren 8tik 11ra bitarte, istripuaren ondorioz. Senide eta lagunen etxeetan geratzea lortu zuten arren hasiera batean, Alokabidek lehen sei hilabeteetan alokairua ordaindu zieten. 2018ko martxora arte alokairuaren erdia ordaintzen jarraitu zuen Alokabidek, baina Ondarroako Udalak gainontzeko erdia bere gain hartu zuen. Bedialaunetak azpimarratu duenez “ondarrutarren ongizatea izan da beti lehentasuna proiektuari aurre egiterako orduan, eta ikuspegi sozialeko laguntza hau ziurtatzea oso garrantzitsua izan da Udalarentzat, baita familientzat ere”. Bestalde, etxebizitzak konpontzeko beste 80.000 inguruko laguntza eman zuen Udalak.

Bizilagunekin harreman zuzena bermatzea ezinbestekoa izan da ere, dimentsio erraldoi honetako obra honetan informazio eta zalantza asko agertu baitira. “Aurpegia eman dugu, nahiz eta askotan ez den xamurra izan, bizilagunek informazio gertukoena eta fidagarriena izan zezaten. Astean behin batzen aritu gara azken hiru urteetan”.

 

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina