Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Kamiñaldeko kalea oinezko eta autoentzat irekiko da maiatzaren 24ean arratsaldeko 17:00etan. “Amesgaiztoaren amaieraren” berri eman die Zunbeltz Bedialauneta alkateak berak zuzenean Kamiñaldeko bizilagunei auzo batzarrean. Atzo batu ziren [maiatzaren 22an]Kofradia Zaharrean 70 bat bizilagun eta bertan azaldu zen kalearen irekiera data. Horretaz gain, lanak bukatzeko aste bete gehiago beharko dutela argitu dute.
2016ko martxoaren 8an izan zen Ondarroako azken urteetako ezbeharrik latzena, Kamiñaldeko mendi magalaren erorketarekin. 179 familiaren bizitza baldintzatzeaz gain, ordutik hona Udalarentzat eta herriarentzat zama handia izan da hiru urte hauetan.
Azken lanen eragina handia izan da, eta bizilagunei molestia handiak sortu dizkiete eta oraindik airean dauden kezkak argitzen saiatu da Udala. Adibidez, UTE Kamiñalderi eskatuko zaio fatxadetako zikinkeria garbitzeko, bizilagunek jarriko duten helegitearen bitartez.
Bestetik, aparkalekua ireki egingo da eta honek ahalbidetu egingo ditu 70 plaza berri, herrian diren aparkatzeko arazoak arinduz.
Hondamen handia herri txiki batentzat
Denetara 14.000.000 euroko kostua izan du Kamiñaldeko mendi magala konpontzeko obrak. Ondarroako Udalak 7 milioi euro jarri ditu, Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi, Bizkaiko Foru Aldundiak 2,5 milioi eta Espainiako Gobernuak 2,18 milioi.
179 familiek utzi behar izan zuten euren etxea 2016ko martxoaren 8tik 11ra bitarte, istripuaren ondorioz. Senide eta lagunen etxeetan geratzea lortu zuten arren hasiera batean, Alokabidek lehen sei hilabeteetan alokairua ordaindu zieten.
2018ko martxora arte alokairuaren erdia ordaintzen jarraitu zuen Alokabidek, baina Ondarroako Udalak gainontzeko erdia bere gain hartu zuen. Bedialaunetak azpimarratu duenez “ondarrutarren ongizatea izan da lehentasuna proiektuari aurre egiterako orduan, eta ikuspegi sozialeko laguntza hau ziurtatzea oso garrantzitsua izan da Udalarentzat, baita familientzat ere”. Bestalde, etxebizitzak konpontzeko beste 80.000 euro inguruko laguntza eman zuen Udalak.
Bizilagunekin harreman zuzena bermatzea ezinbestekoa izan da ere, dimentsio erraldoi honetako obra honetan informazio eta zalantza asko agertu baitira. “Aurpegia eman dugu, nahiz eta askotan ez den xamurra izan, bizilagunek informazio gertukoena eta fidagarriena izan zezaten. Ia astean behin batzen aritu gara azken hiru urteetan”.