San Ignazio kaleko 44A eta 44B atarietako bizilagunak bihar 9:30ean bueltatuko dira beraien etxeetara. Gaur arratsaldean egindako batzarrean beste guztien etxeratzearen aurreikuspena ere egin du udalak; atariak apurtuta dituztenak Andra Marietarako itzuliko dira eta etxeak apurtuta dituztenak, urtarrilean etxean egotea espero du Ondarroako Udalak.
Geologoekin egindako azken bileran, mendiko lanen finantzazio plana aurkeztu du udalak. Plan hori ikusita, lanen zati garrantzitsuena burutuko da eta beraz, herritarrek beraien etxeetara itzultzea onartu dute teknikariek.
Oraindik beraien etxeetara bueltatu ezin diren bizilagunak ere badira San Ignazio kalean. Alde batetik, atarietan kalteak dituzten bizilagunak daude eta beste aldetik, mendiaren erorketaren ondorioz etxeak kaltetuta dituzten bizilagunak. Horien arazoak konpontzea eta ahal bezain pronto etxera itzultzea da udalaren helburua. “Etxeak ondo izan, baina atariak konpondu behar diren etxeetako bizilagunak, dena ondo badoa, Ondarroako jaietarako etxean egotea aurreikusten dugu” azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.
Etxeetan kalteak dituzten herritarren kasuan berriz, denbora gehiago beharko dute. Izan ere, urrirako fatxada eta terrazak konpontzeko asmoa dauka udalak. Hori horrela izanda, urtarrilerako etxeetara bueltatzeko moduan izango dira. Fatxada konpondu ostean 60 egunez hezetasun-kengailuek lanean egon behar dute bertan eta horrek asko atzeratuko du itzulera. Guztira zazpi familia daude egoera honetan.
Zazpi familia horien urduritasuna eta ezinegona ulertzen du udalak eta horregatik etxera bueltatu bitartean lanen inguruko informazio zuzena emateko asmoarekin lan talde bat osatzea aurreikusten du. “Informazioa zuzenean kaltetuek jasotzea garrantzitsua da guretzat, beraien kezka eta ardurak jaso eta posible dugun neurrian zalantzak argitzeko” azaldu du alkateak. “Udal moduan egin genezaken gutxienekoa da” gaineratu du Bedialaunetak.
Diru premiaren kezka
Bizilagun gehienak etxera bueltatuko diren arren, oraindik ere lan guztien kostua ordaindu gabe dagoela gogora ekarri du udalak. “Lanak bideratzea lortu dugun arren, oraindik ere Kamiñaldeko mendi magala egonkortzeko lan guztiak ordaintzeko dirua falta zaigu” dio alkateak. Diru premiak eta lanak ordaintzeko bankuekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartutako maileguak ordaindu beharrak asko kezkatzen du Ondarroako Udala. Kamiñaldeko mendi magaleko lanak ordaintzeko udalak guztira 4 milioi euroko mailegua eskatu behar izan du, Ondarroako herriaren urte beteko aurrekontuaren erdia zorpetu da beraz. “Ondarroako herria da Kamiñaldeko kaltetu zuzena, herriarentzako berebiziko garrantzia duten hainbat proiektu egin barik geratuko direlako, Kamiñazpiko urbanizazio proiektua, futbol zelaiko azpiegiturak hobetzea, Kale Handiko igogailua eta beste asko…” dio Bedialaunetak. “Hala eta guztiz ere, udalean herriaren mesedetan lanean jarraituko dugu eta behar den leku guztietan atea joko dugu herrian behar beharrezkoak ditugun proiektuak gauzatu ahal izateko” gaineratu du alkateak.
Hurrengo urtera begira Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzari, aurten egin ez bezala, Ondarroako gaia beraien aurrekontuetan aurreikusteko eskaria egingo dio udalak. “Aurten ez dute urteko aurrekontuetan Kamiñalderako dirurik bideratu eta horren ondorioz finantzazioa ezin lotuta ibili gara azken momentura arte, hurrengo urtean aurrekontuetan Ondarroa kontuan hartzea nahiko genuke” gaineratu du Bedialaunetak.
Lanbideko bulegoa
Lanbideko bulegoa Kamiñaldeko mendi magalean gertatutakoa baino lehen kokatuta zegoen lekura bueltatuko da ekainaren 27an. Horrenbestez, Lanbidek ekainaren 27tik aurrera San Ignazioko bulego berrian eskainiko die zerbitzua enpresa eta norbanakoei.
Iruzkin 1
Kamiñalden bixi na ta era batea o bestea geuk b urte ta piko daruau asentzorin gora ta bera..bañe garaji hamen kalin dakarrenak eunero elixopetik gora ta bera b ibili bir de..semaforuk eta txarto aparkata (asko elixopeko aldatzin bertan o beiko zineko kruzi blokeaten) dazen kotxikatxik auskan…
Beitxik datorren bidik eztauke itxura onik..horrek paetak eztozta konfixantza handirik emoten…harrixak ikustetxuaz jausitxe ta….
Nahi neuke Jakin demat dembora gexa eongo gazen holan …