Eraso sexistarik gabeko jaiak eraikitzeko Brigada Moreak antolatuko dituzte Ondarroan

0

Ondarroako jaiei begira herriko eragile ezberdinekin eraso sexisten prebentziorako lanketa egin eta prebentziorako nahiz erasoen erantzun edo kudeaketarako beharrezkoak diren tresnak sortzeko helburuarekin Brigada Moreak antolatuko ditu aurten Ondarroako Udalak. Ondarroako jaietan billurrak geuaz jai lemapean antolatuko diren Brigada Moreen batzarrak uztailaren 12an eta 19an izango dira, 17:30ean Etxelilan, helburua: eraso sexistarik gabeko jaien alde egitea. Jaiek gune seguruak izan behar dute eta bertan parte hartu nahi duen edonoretzat gozamenerako gune izatea nahi du udalak.

Batzar hauetan eragile ezberdinekin lanketa espezifikoa egin nahi du udalak. Guztien gozamenerako izango diren jaien eraikuntzaren bidean, udalarentzat berebizikoa da erasoen prebentziorako nahiz hauen erantzunerako baliabideak sortzea eta herriko kolektibo, subjektu, eragile, instituzio eta orokorrean, herritar guztien inplikazioa bilatzen saiatzea. Uztailaren 12an eta 19an, 17:30ean Etxelilan  jaietan gerta daitezkeen eraso sexistak prebenitu, identifikatu eta gertatuz gero erantzuteko dinamika parte hartzaile, sortzaile, aktibo eta eraginkorra sortzeko urratsak emango dira. Herritar guztion ardura baita jarrera aktiboa izatea jaietan gertatzen diren eraso matxisten aurrean; gai izan behar dugu erasoak identifikatzeko, aurre egiteko, inplikatzeko eta erasotua izan den emakumeari laguntza emateko.

Eraso sexistak prebenitzeko lanketa honetan lan saio ezberdinak aurreikusten dira, tabernariekin uztailaren 11an 17:00etan Etxelilan, jaietan eraso sexistei aurre egiteko protokoloren berri emateko batzarra izango da. Tabernariak jaietako parte hartzaile aktiboak dira eta udalarentzat garrantzitsua da hauek protokoloa ondo ezagutzea, kasuren bat gertatuz gero modu egokian erantzuten jakiteko.

Jaietan gainera aurreko urtean bezala, eraso sexistarik gabeko gunea egongo da Gazte Egunean eta Kuadrila Egunean, 19:00etatik 22:00etara.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina