Aurten ere Ondarroako Udalak eta Saharar herriaren aldeko YAALAH ELKARTEAK udan haur saharauiak hartzeko OPORRAK BAKEAN programa jarri dugu martxan. 42 urte bete dituzte jada saharauiek euren lurretik ihes egin behar izan zutenetik. Saharaui askok eta askok 42 urte daramatzate erbestean, basamortuan, errefuxiatuen kanpalekuetan bizitzen.
Egoera gordin hori leuntzen laguntzeko gauza asko egin ditzakegu, baina bada bat bereziki onuragarria zaiena: OPORRAK BAKEAN programa. Proiektu honi esker, urtero, hainbat eta hainbat umeri eskaini diezaiekegu basamortua utzi eta udako bi hilabete gurean pasatzeko aukera. Ekintza xumea da, baina horren bitartez bitartez ume horiei on egiteaz gain, saharauiekiko atxikimendua ere erakusten diegu. Euren zoritxarrean bakarrik ez daudela erakusten diegu. Trukean herrialde jator horren berri eduki dezakegu, haien ohiturak ikasi, haur horien bizipoza partekatu eta gure haurrak elkartasunean hezteko parada ezin hobea izango dugu.
Haur saharaui bat udan etxean hartzeko gogoa baino ez da behar; proiektu honi esker haurra Ondarroara ekarriko dizugu, zuk udan zaindu eta berarekin gozatu besterik ez duzu egin behar, musu-truk. Haurrek uztaila eta abuztua emango dute hemen eta familiaren konpromiso bakarra da haurrak hemen diren bitartean etxeko bat balira bezala zaintzea; horrela dituzten gabezietako batzuk leuntzen lagunduko diegu: elikadura orekatua izango dute, mediku azterketak egingo zaizkie, itsasoa, hondartza, mendia, basamortua ez den paisaiaz gozatuko dute.
Ondarroako Udalak proiektu honetan parte hartzera eta horren berri jasotzera animatu nahi zaituzte, konpromisorik gabe. Bestela ere, informazio gehiago jaso ahal izanog duzu telefono zenbaki honetan: 628986839 (Eneko) edo 680820373 (Joseba).
Ondarroan, 2018ko martxoaren 5ean,
Ondarroako alkatea.