Ondarroako Udalak eta mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin da Gasteiuzko hilkeat matxistak salatzeko. Udal adierazpena irakurri da kontzentrazioaren amaieran:
Matxismoak beste bi emakume akatu ditu Gasteizen. Erasotzaileak bere bikote ohia eta honen ama hil ditu modu basatian.
Gogoratu nahi dugu, berriz ere, emakumeen aurkako indarkeria, giza eskubideen urraketa onartezina dela. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista eguneroko ogia da, eta indarkeria hori askotan isilpean ematen dela azpimarratu nahi dugu. Oraindik ere, jendartean, emakumeak errudunak direla eta erasotzaileak zuritzeko joera dago. ETA HORI EZ DA HORRELA, emakumeak ez dira jasaten duten indarkeriaren erantzuleak, indarkeria matxista egiturazko izaera duen arazo publikoa da eta dimentsio eta aurpegi asko ditu.
Indarkeria matxista jendartearen gaitzik larrienetarikoa da eta emakumeak menderatzea du oinarri, hain zuzen. Beharrezkoa da indarkeria matxista lehen mailako arazo soziala dela ulertzea, ez delako banakakoen edo bikoteen arteko arazoa, eta ezabatzea denon ardura da. Feminismoak erakutsi zigun pertsonala politikoa dela, eta horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea.
Udalak herritar guztiei dei egiten die indarkeria matxista mota guztien aurrean jarrera aktiboa izan dezatela, guztion inplikazioa ezinbestekoa baita arazo publiko horrekin amaitzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko. Aldi berean, Udalak emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako lanean sendo jarraituko du tamaina honetako arazo batek behar duen moduan. Horrela, emakumeen kontrako indarkeria kasu guztiak salatuko ditu eta drama sozial honen aurrean tinko erantzungo du.