LGTBI+ pertsonen sexu-askapenerako nazioarteko eguneko adierazpen instituzionala

0

Ekainaren 28a LGTBI+ pertsonen sexu-askapenerako nazioarteko eguna dela eta adierazpen instituzionala onartu du Ondarroako Udalak. Ekainaren 28an herritarrei mobilizatzeko deia egin die, arratsaldeko 19:00etanĀ  Alamedako kontzentrazioan parte hartuz.

Onartutako adierazpena:

49 urte igaro dira Stonewalleko erreboltaz geroztik. 1969ko ekainaren 27tik 28rako gauean New Yorkeko polizia Stonewall izeneko pub batean sartu zen transexual, lesbiana, gay eta bisexualak atxilotzeko. Euren eskubideak defendatzeko elkartzen ziren lehen aldia ez bazen ere, data hori mugarri bihurtu zen diskriminazio- eta ikusezintasun-testuinguru batean: LGTBI+ pertsonek euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzeko antolatu zuten borrokan katalizatzaile bat izan zen.

Orduz geroztik ekainaren 28an LGTBI+ pertsonen Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna ospatzen da: dibertsitatea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere.

Gaur egun oraindik ere LGTBI+ pertsonek mota guztietako diskriminazioak jasaten dituzte, askotan indarkeria barne: sexu-orientazioagatiko eta/edo genero-identitateagatiko gorroto-delituak, heterosexualitatea arau gisa inposatzen dela agerian uzten duten hainbat diskriminazio eta eraso, trans kolektiboaren patologizazioa, trans diren haur eta nerabeentzako arreta egokirik eza, eta abar. Ez dugu ahaztu behar bidegabeko errealitate diskriminatzaile hori askoz handiagoa dela pertsona askorentzat euren arraza, jatorria, egoera administratiboa eta/edo sozio-ekonomikoa eta abar direla medio. Oraindik ere hori gertatzen ari da gure jendartean, eta gure betebeharra da LGTBI+ pertsonen aurkako diskriminazio mota oro ezabatzeko lan egitea. Araudiari eta ekintza espezifikoak martxan jartzeari dagokienez aurrerapausoak eman diren arren, oraindik lan asko egin behar da LGTBI+ pertsonek euren eskubide guztiez egun guztietan goza dezaten defendatzeko eta sexualitatea eta generoa bizitzeko modu eta adierazpen guztien normalizaziorantz beharrezko jendarte-aldaketa gauzatzeko.

Egun honetan ezin dugu ahaztu Euskal Herrian mugimendu LGTBI+ eta feminista osatzen duten pertsona guztien borrokaren aldarrikapena, izan ere, eguneroko zereginean, eta diskriminazio mota oro ezabatzeko lan eginez, jendarte benetan bidezkoa, igualitarioa eta feminista eraikitzeko funtsezko ekarpena egiten baitute. Euren borrokari laguntzeko gure konpromiso politikoak egunerokoa izan behar du, ez soilik adierazpenak eginez, baizik eta eragile sozialekin adostutako ekintzak martxan jartzeko giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak konprometituz, betiere ikuspegi feminista eta eraikitzailearekin.

Funtsezko giza eskubideez, norberaren identitatea definitzeko eta identitate hori askatasunez bizitzeko eskubideaz ari gara.

Horregatik, Ondarroako udalak konpromisoa hartzen du honako hau egiteko:

1) Bere politiketan sexu-aniztasuneko eta genero-identitateko ikuspegia sartzea, eta zehazki:

  • Diskriminazioaren prebentziorako eta identitate eta praktika sexu-afektibo ez heteroarautzaileak, askotarikoak eta askatasunean egindakoak garatzeko ekintzak barnean hartzen dituzten baterako hezkuntza feministako programak egiten jarraitzea, beharrezko baliabideak bermatuz Ondarroako hezkidetza Egitasmoaren bitartez

  • Diskriminazioa jasaten duten LGTBI+ pertsona guztiei, eta bereziki beren sexu, arraza, jatorri, egoera administratibo eta abarrengatik kalteberatasun handiagoko egoeran dauden pertsonei sozialki, psikologikoki, juridikoki eta ekonomikoki laguntzeko beharrezko baliabide guztiak bideratzea

  • EAEn LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa osoa eta araudiaren garapen egokirako beharrezko baliabide guztiak bermatuko dituen araudi espezifiko bat martxan jartzeko eskaera egitea dagokion erakundearen aurrean. Aldi berean, LGTBI+ adineko pertsonen arreta egokirako zerbitzuak sustatzeko eskaera egitea.

  • Gure eskumenen esparruan, beste leku batzuetatik iristen diren eta beren sexu-orientazioaren eta/edo genero-identitatearen ondorioz jazarpena jasaten dutela adierazten duten pertsona guztientzako arreta osoa eskaintzea.

  • Mugimendu LGTBI+ eta feministekin etengabeko komunikazio- eta lankidetza-kanalak mantentzea, eta ekimen bateratuak martxan jartzeko baliabideak erraztea. Era berean, aurreko ekintza horiek guztiak mugimendu horiekin kontrastatuko dira.

Herritarrei dei egiten diegu, Ondarroako Emakumeen Udal berdintasun Kontseiluak gure udalerrian ekainaren 28an, arratsaldeko 7etan, egingo den kontzentrazioan parte har dezaten.

Denontzako askea eta bidezkoa den Euskal Herri baten alde!

Ondarroan, 2018ko ekainaren 20an.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina