5. urteurren festa ospatuko du Ondarroako Emakumin Topalekuk

0

5. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia prestatu dute Etxelilak, Berdintasun sailak eta Ondarroako emakumeen udal berdintasun kontseiluak elkarlanean. Ospakizuna musikaz blaitzeko abesti bat sortu dute eta Etxelilaren urteurrena gogoratzeko koadernoak ere prestatu dituzte.

Etxelila erreferentziazko gunea bihurtu da Ondarroako emakumeentzat eta Mugimendu Feministarentzat, izan ere, emakumeen etxeak parte-hartze soziala eta politikoa bultzatzeko espazio feministak dira. Emakumeak politika publikoetan jarduteko, laguntza eta elkartasun sareak sortzeko eta emakumeen ahalduntze prozesuak sustatzeko espazioak dira.

2013an Ondarroako Udalak, herriko mugimendu feministaren aldarrikapenei erantzunez, Etxelila jarri zuen martxan. Etxelilaren protagonista nagusiak herriko mugimendu feministako norbanako eta elkarteak dira.

Etxelila Emakumin Topalekuan hainbat jarduera egiten dira. Horietatik garrantzitsuenetako bat da Emakumeentzako Jabekuntza Eskola. 2013tik 2018ra bitarte 100 ikastarotik gora antolatu dira, eta horietan, 500 emakume inguruk hartu dute parte. Horrez gain, urtean zehar Etxelilak eta Berdintasun sailak elkarlanean beste hainbat ekintza antolatzen dituzte (hitzaldiak, liburu aurkezpenak, zine-forumak…), bataz beste urtean 15 inguru. Azkenik, erakusketek ere leku nabarmena dute, eta urtean bataz beste zazpi erakusketa egoten dira ikusgai.

Dena den, Etxelilako jarduera nagusiaren protagonistak parte hartze guneak eta emakume elkarteak dira. Parte hartze gune horiek honakoak dira: Neska Gazteen txokoa, Literatura taldea, Aringaingan taldea eta Andrabanda Feminista. Bestalde, hainbat emakume elkartek ere erabiltzen dute espazioa: horien artean, Boga-Boga elkartea, 7 emakume en movimiento eta Uxu Emakume Taldea. Azkenik, aipatu Etxelila etengabe harremanetan dagoela udaleko gainerako berdintasun proiektuekin, Ondarroako Hezkidetza egitasmoarekin adibidez.

Ospakizunaren xehetasunak

Festa abenduaren 14an izango da, 18:00etan Etxelilan. Andrabandak girotuko du ekitaldiaren hasiera eta Bea Egizabal Ollokiegi klown feminista izango da ekitaldiko aurkezlea. Bestalde, Etxelilaren inguruko abestia sortu duten Azalera taldeko Lorea Zulaika Arriaga eta Goretti Serrano Akarregi (Susunkordan taldeko kidea), Nerea Larrinaga Sanchez kolaboratzaileak kontzertu akustikoa eskainiko digute. Bertan, abestia zuzenean entzuteko aukera izango da, Amaia Cabero Saizar dantzariak lagunduta. Ekitaldian zehar emakume elkarte eta talde feministek ere hartuko dute hitza. Hori gutxi balitz, ekitaldi osoan zehar Txakur Gorria taldeko kideek kontaketa grafikoa egingo dute ospakizuna irudi bidez jasoz. Ekitaldia brindis batekin amaituko da. Ospakizunak iraun bitartean Artestura feministak izeneko erakusketa egongo da ikusgai.

Abestia: Ondarroako Azalera taldeak egin du abestia, Uxue Alberdi Estibaritz bertsolariaren letrarekin. Hainbat kolaboratzaileren laguntza ere izan dute eta lana AME estudioetan grabatuko dute. Amaia Cabero Saizarrek dantza egingo du.

Irudiak: Txakur Gorria taldeak diseinatutako kartelak eta koadernoak aterako dituzte Etxelilaren urteurrena ospatzeko. Beraiek arduratuko dira ospakizunaren egunean kontaketa grafikoa egiteaz ere.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina