Andra Mari jaietako programa aurkeztu du Ondarroako Udalak

0

Herritar guztientzako ekintzak antolatu nahi izan dituztela esan du Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak. Abuztuaren 10etik 18ra bitarte 80 ekintza baino gehiago antolatu dituzte udalak eta herriko talde eta eragileek. Alkatea, Kultura zinegotzia eta Berdintasun zinegotzia egon dira aurkezpenean. Programak eskuragarri daude Turismo Bulegoan eta Udaltzaingoaren egoitzan.

[EGITARAUA]

“Aurtengo Andra Mariak ohi baino luzeagoak izango direla aurreikusten dute udal ordezkariek. Beti bezala jaiak hasi baino lehen hainbat ekintza antolatzen dira, eta aurten aspaldiko gehien. Abuztuaren 10a zapatua da eta egun horretan hasiko da herria jaian murgiltzen”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. “Denok dakigu estropadek zelako indarra hartu duten herrian azken urteetan, bereziki taldea Eusko Label ligan dagoenetik; jaiak hasteko modu aparta izango da”. Jaien aurretik, Nekazaritza Azoka (zapatuan) eta boleibol  txapelketa egongo dira, esaterako.

Astondoa etxeak botako ditu aurtengo su-artifizialak.

Ekintzei dagokienez, kultura eta kirola uztartzea bilatu dutela esan du Kultura zinegotziak, “herriko ohituretan oinarriturik eta berdintasuna, euskara eta ingurunearekiko errespetua kontuan hartuta”. “Eskerrak eman nahi dizkiegu Andra Mari jaien antolakuntzan parte hartzen duten guztiei, herritarren laguntzarik gabe ez baitago jai herrikoirik”. Bi txosnagune egongo dira aurten ere, Kafeko Atzean eta Musika Plazan, eta umeentzako tiobiboak portuan egongo dira, aurten behintzat.

[EGITARAUA]

Irina Alkorta Bedialauneta zinegotziak jaiak elkarrenganako errespetuan eta berdintasunean ospatzearen garrantzia azpimarratu du: “Berdintasun sailetik, jaietan eman daitezkeen eraso sexistak saihesteko edo gertatzen badira hauei aurre egiteko protokoloa zehaztu dugu, herriko taldeekin batera”. “Ahalegin berezia egingo dugu txosnetara eta tabernetara protokoloaren informazioa heltzeko”. Protokolo horren baitan, eraso sexistaren bat jasan edo ikusten dutenentzako arreta telefonoa ere ipiniko du udalak abuztuaren 13tik 17ra: “telefono horren bestaldean egongo direnak gaian adituak dira eta laguntza, aholkularitza eta akonpainamendua eskainiko dute, kasuan kasu”. Jaien aurretik, abuztuaren 12ko arratsaldeko 20:00etan zehazki, kontzentrazioa egingo dugu Alamedan, Ondarroako jaiak eraso sexuistarik gabeko gunea izango direla azpimarratzeko. Horrez gain, jaietan zapi moreak ere banatuko ditu udalak, erasoen aurkako jarrera aktiboa erakusteko. Kondoiak ere banatuko dira txosnaguneetan eta Gaztetxean.

Udal ordezkariek jaiez gozatzeko deia luzatu diete herritarrei zein kanpotik datozenei, baina mezu garbi batekin: “errespetua gainontzekoei eta inguruari, gozatu euskaraz, garbi jokatu eta egunerokotasunarekin ahaztu!”. Atzo arratsaldean (abuztuak 1) hasi ziren jaietako egitarauak etxez-etxe banatzen eta gaur-biharretan herritar guztien etxeetan eskuragarri egotea espero da.

HONEKIN LOTUTA:

Eraso sexisten aurkako jarrera aktiboa erakusteko zapi moreak banatuko dira zenbait gunetan.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina