Ondarroako emakumeen Udal berdintasun Kontseiluarekin adostutako zerbitzua da eta udalak eskainiko du Andra Mari jaietan, abzutuaren 13tik 17ra, eraso bat jasan dutenei edo eraso baten lekuko izan direnei laguntza eta aholkularitza eskaintzeko.
Telefono zerbitzuaren ezaugarriak:
– Ordutegia: iluntzeko 20:00etatik goizeko 8:00etara, abzutuaren 13tik 17ra.
– 12 urtetik gorakoentzat.
– Zerbitzuaren atzean indarkeria matxistan arituak eta adituak diren emakumeak egongo dira.
– Edozein intentsitateko eraso sexistak erregistratzea du helburu, besteak beste.
“Indarkeria matxista egunerokoan landu beharrekoa izan arren, eraso sexistak eta sexualak jaien testuinguruan areagotzen den errealitatea da. Horregatik, jaietan gertuko zerbitzu telefonikoa eskaini nahi dugu”, esan du Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak. Zerbitzuaren bidez herriko jaietan gertatzen diren eraso sexisten berri eduki nahi da, intentsitate batekoak ala bestekoak izan. Alde batetik, erasotuak izan diren emakumeei zuzendutako telefono bidezko laguntza eskaintzen da, aholkularitza eta akonpainamendua bideratuz. Bestetik, eraso sexisten lekuko direnentzat ere bada zerbitzua. Izan ere, telefonoaren bitartez, erasoak identifikatzeko eta salatzeko erraztasunak eman nahi dira. Arreta telefonoaren bitartez, besteak beste, indarkeria kasuen berri izango dugu, kasuak erregistratuko ditugu eta ikusgarri egin; horrela, herritarrak indarkeria sexistaz kontzientziatu eta jaien testuinguruan dagoen errealitatea ahalik eta osatuen jaso nahi da. Guztia, eraso sexistak baztertzeko.