Errebala Txikiñe Gaztelekua zabalduko du Ondarroako Udalak berriz ere larunbatean 17:00etan

0

Herriko gazteen topagune eta jolasleku izateko asmoarekin eta herriko gazteek asteburutan elkarren arteko harremanak sustatzeko, sendotzeko eta giro epel eta lasaian gozatzeko txokoa zabalduko du berriz ere Ondarroako Udalak, Errebala Txikiñe Gaztelekua.

12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilentzat egongo da erabilgarri Gaztelekua, larunbat honetatik aurrera (azaroak 9). Larunbatetan arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta igandetan zer ordutatik zer ordutara zabaldu monitoreek eta gazteek elkarrekin erabakiko dute, ikusten duten beharren arabera; bestela ordutegi berdina mantenduko da. Ikasturte honetan monitoreak Nerea Romero eta Ane Badiola hezitzaileak izango dira. Eneritz Basurko Pagoaga hezkuntza batzordeburua pozik agertu da Gaztelekuak beste urte betez ateak zabalduko dituelako: “uste dugu herriko gazteek behar dutela aisialdiako gune bat, batez ere neguan, eta behar hori bete nahi da Gaztelekuarekin”.

Ane Badiola eta Nerea Romero gazte ondarrutarrak izango dira aurtengo hezitzaileak.

Neska-mutil ondarrutarrek hainbat gela edukiko dituzte erabilgarri Gaztelekuan, billarrean, futbolinean edo mahai jolasetan aritzeko, telebista ikusteko edo elkarrekin hitz egiten egoteko. “12 eta 16 urteko gazteek aisialdi osasungarri eta hezitzaile bat edukitzea nahi dugu, non neskek eta mutilek euren denbora librea elkarrekin pasatzen duten, euren espazioetan eta berdintasuna eta bizikidetza bezalako baloreei garrantzi handia ematen zaien testuinguruetan”. “Gazteen autonomia eta parte hartze aktiboa bultzatu nahi ditugu Ondarroako Udaletik”, azpimarratu du Eneritz Basurkok.

Hezitzaileek eta gazteek elkarrekin batera erabakiko dituzte Gaztelekuan egin beharreko ekintza gehienak, hori baita ardatzetako bat. Baina irteera bat dagoeneko programatuta dago: abenduaren 28an Arabako Tertanga herri txikira joango dira.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina