Udalak Errebala Txikiñe Gaztelekua margotu eta solaserako espazio berri bat sortu du gunearen sarreran. Eraikinaren beheko solairuan dagoen espazio zabala aprobetxatu da; eta alfonbra eta besaulki batzuekin, solaserako txoko gozoa egokitu da. Orain arte espazio zabal horrek ez du eduki erabilgarritasun zehatzik, eta txoko berri bat sortzeko espazio egokia dela ikusi dute udalean.
Horrez gain, Gaztelekuko hormak ere margotu egin dira. «Errebala Txikiñe herriko gazte askoren bilgunea da neguan –batez ere hotza eta euria ari duen asteburuetan– eta guretzat oso garrantzitsua da espazio berriak sortzea», adierazi du Eneritz Basurko Pagoaga Hezkuntza batzordeburuak. «Uste dugu gure gazteek aisialdia euren buruarekin bakarrik pasatzeko bitarteko gero eta gehiago dituztela; eta gure helburua da gazteek denbora librea lagunekin igarotzea, berba egiten, eztabaidatzen, iritziak trukatzen, lagun berriak egiten… Txoko hori horretarako aproposa da», azaldu du.