Josteko makinak dituzten herritarrei maskarillak egiteko eskaera luzatu die Ondarroako Udalak. Maskarilla horiek herriko boluntario sarekoek erabiltzeko izango dira, hau da, etxez-etxe laguntza eskaintzen ari diren boluntarioentzat.
Oso zaila ari da izaten maskarilla berriak lortzea, eskari handia baitago merkatuan. Horregatik, zuzenean herritarrengana jotzea erabaki du udalak. Materiala udalak emango du, hau da, telak eta goma. Maskarillak egiteko materiala udaletxeko lehen solairuan jaso beharko da 12:00etatik aurrera, baina maskarillak egiteko prest dauden herritarrek 608 22 97 95 telefonora deitu beharko dute gaur, zenbat boluntario dauden jakiteko eta lanak banatzeko.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriagak eskerrak eman nahi dizkie boluntario sarera era batera edo bestera batzen ari diren herritarrei: “gure herrian oinarrizkoa izan da beti elkartasuna, lehenago ere erakutsi zuen herriak bere izaera, eta orain ere erakusten ari gara. Mila esker denoi!”.