Anbulategiko egoeraz kezkatuta, konponbideak bilatzeko batzar bat eskatu dio udalak Osasun sailburuari

0

Ondarroako Osasun Zentroko profesionalak zein erabiltzaileak diren herritarrak jasaten ari diren zerbitzuaren egoera txarraren berri emateko eta berau konpontzen ahalegintzeko batzarra eskatu zion atzo (maiatzak 16) Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburu Gotzone Sagardui andreari.

Gaur (maiatzak 17), anbulategiaren aurrean egin den elkarretaratzean parte hartu dute Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak eta Irina Alkorta Bedialauneta alkateordeak: “gure babesa emateaz gain, gai honetan udala ere inplikatuta dagoela eta egoera hobetzen laguntzeko gure konpromisoa erakustera joan gara. Batzar bat eskatu diot Gotzone Sagardui sailburuari, egoera oso larria eta jasanezina delako. Konponbidea bilatu behar da”, esan du alkateak. Osasun Zentroko langileak astelehenetik barikura bitartean egunero batuko dira atarian, 10 minutuz protesta egiteko.

Herritarren kexak geroz eta handiagoak dira eta udalak ere kezkaz bizi du egoera, herritarrak jasotzen ari diren zerbitzua ez baita behar modukoa. Horrez gain, Osasun Zentroko profesionalen egoerak ere kezkatzen du udala, lan baldintzak ez baitira osasungintzako profesionalek izan behar dituztenak herritarrak behar moduan artatzeko. Horren erakusle, langileek beraiek egin duten salaketa Osasun Zentroan: “Egoera larrian gaude! Hiru mediku eta pediatra falta dira eta ez dago ordezkorik”.

Egoera hobetzen ahalegintzeko zeregina denon artean egingo dela azpimarratu du Urtza Alkorta alkateak: “Udala, langileak eta herritarrak eskutik joango gara Osakidetzari eta osasun sailari Ondarroan behar moduko zerbitzua eskaintzea eskatzeko. Zerbitzuaren kalitatea bermatu ahal izateko beharrezkoa da bai zerbitzua hobetzea eta bai profesionalen beharrizanak betetzea, lotuta doaz”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina