Espainiar estatuko Gobernuak baimendu du haurrak kalera ateratzea. Covid-19ak eragindako larrialdi egoeraren hasieran Ondarroako Udalak eratutako koordinazio mahaiak gomendio hauek zabaldu nahi ditu, beti ere herritarren segurtasuna eta osasuna zaintzera bidean eta egoerak onera egiten jarraitzeko asmoarekin. Araudi berrian oinarrituta baina gure herriaren berezitasunetara egokituta eta ondarrutarron hobebearrez zabaldu nahi dira gomendio hauek. Bihar, apirilak 26 (igandea) jarriko da arau berria martxan. Gomendio hauek herrigunerako dira, landa eremuetan bertan bizi direnak ibili ahal direlako bakarrik.
[IRAKURRI HEMEN ESTATU ESPAINIARREAKO BOLETIN OFIZIALA]
“Gurasoei eskatzen diegu tarte bat hartzea eta umeei informazioa ematea eta egoera berria azaltzea. Oso garrantzitsua da egiten ari diren esfortzua aitortzea eta ondo ari direla gogoraraztea. Guztion lana izango da arauak eta gomendioak betetzea eta umeei ere azalpenak eman behar dizkiogu”, esan du alkateak.
Ondarroan 14 urtera arteko 965 ume daude, beraz, ume guzti horiek eta beraien arduradunek kalera batera irtetzen badute jende asko litzateke kalean momentu berean, eta udalak horregatik erabaki du herritarren artean gomendio hauek zabaltzea. Zenbat eta jende gutxiago egon kalean une berean arriskuak ere murriztu egingo dira.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga, alkatea: “herria zazpi gunetan banatu dugu, eta gune horietako bakoitzean ibilbide bat markatu dugu herritarrek paseoak eman ahal izateko. Helburua jende gehiegi ez batzea da. Horrez gain, ordu batzuk ere zehaztu ditugu haurrak kalera irtetzeko. Gomendioak dira, baina uste dugu horrela antolatu ahal garela hobekien Covid-19ari aurre egiten jarraitzen dugun bitartean”. “Antolatzeko modu bat da hau, bakoitzak bere etxebizitzaren atariko zenbakiaren arabera. Beste aukera gehiago ere egongo dira, baina gure herriarentzako ondo datorren antolatzeko modu bat dela uste dut”.
Legediaren arabera herritar asko pilatzen diren lekuak itxi ahalko ditu udalak, umeei ateratzen uztearen helburua paseo bat ematea baita, eta ez leku batean jende asko batzea; “bereziki hori da saihestu behar dena”. Gogoratu orain arteko gomendioak betetzen jarraitzea: eskuak sarri garbitzea, bi metroko distantzia mantentzea.
Gomendioak gomendio dira, baina udaletik eskaria egin da ahal den heinean hauek errespetatzeko. Larrialdi egoera kudeatzeko sortutako Koordinazio Mahaitik oso garrantzitsutzat jo da gomendioei jarraitzea, “orain arte ondo egindako guztia bide beretik eramaten jarraitzeko”.
Elkarlanean. Ondarroako Udalak bitarteko metodo bat zehaztu du bai haurrek eta bai gurasoek araudi berria barneratu eta guztion artean errespetatzeko. Horretarako, gurasoei araudi hau irakurtzeko gomendatzen zaie eta haurrentzat bideo bat prestatu da. Horretaz gain, Zaldupe eskola publikoarekin, Zubi Zahar herri ikastolarekin eta Ondarroa BHI institutuarekin harremanetan jarri da udala informazio guztia on-line ikasleei beraiei zuzenean helarazi dezaieten. “Uste dugu haurrek informazioa jaso eta barneratzeko modurik onenak direla bideo bat egitea eta ikastetxeekin elkarlana”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.
14 urtetik gorako neska-mutilek orain arte bezalako araudia edukiko dute, hau da, lehentasuneko gauzak egitera atera ahalko dira, beti ere gurasoen baimenarekin: erosketak egin, farmaziara joan…
Koordinazio mahaitik gogoratu dute oso garrantzitsua izango dela araudia zehatz betetzea eta lehendik zeuden gainontzeko gomendioak ere betetzen jarraitzea egoerak onera egiten jarraitu dezan. Ondarroako Udalak eskerrak eman nahi dizkie herriko ikastetxeei informazio honen hedapenean emandako laguntzarengatik eta ikasleei informazio hau helarazteko eta azaltzeko egindako elkarlanarengatik.