Zer egin ahalko da eta zer ez 1.fasean? Espainiako Gobernuaren dekretua eta Eusko Jaurlaritzaren dekretua

0

Espainiako Gobernuak larunbatean (maiatzak 9) argitaratu zuen fase berrira igaro ahal izateko baldintzak ezartzen dituen dekretua eta Euskal Autonomi Erkidegoari lehen fasera igarotzea baimendu zaionez, zenbait berritasun daude dira gaurtik aurrera. Hala eta guztiz ere, larunbateko eguerdi aldera Eusko Jaurlaritzak prentsaurrean jakitera eman zuenez EAEn hainbat murrizketa ezarri ditu. Zentzuz jokatzen jarraitzea eta segurtasun neurriak betetzen jarraitzea oso garrantzitsua izango da: bi metroko tarteak zaindu pertsonen artean eta eskuak garbitu sarri-sarri.

EAEn ez dira aplikagarriak izango Espainiako gobernuaren dekretuko VIII, IX, X eta XI kapituluak eta 41 eta 42 artikuluak.

[IRAKURRI HEMEN ESPAINIAKO GOBERNUAREN DEKRETUA]

[IRAKURRI HEMEN EUSKO JAURLARITZAREN DEKRETUA]

Zunbeltz Bedialauneta, alkatea: “Dekretuak hain berandua ateratzeak eta erabakien berri prentsaren bitartez edukitzeak asko zailtzen du udalen lana herritarrak informatzeko eta hauen zalantzak argitzerako orduan”.

Eusko Jaurlaritzak neurri “zorrotzagoak” ezarriko zituela larunbat eguerdian esan bazuen ere, domeka gauerdia heldu baino minutu batzuk lehenagorarte ez zuen ofizialki neurri horiek ezartzen dituen dekretua argitaratu. Hori dela eta, atzo, Ondarroako Udaletik ohar bat atera genuen esanez udalak ezin zituela herritarren zalantzak argitu espainiar estatuko gobernuak argitaratutako dekretuari zenbait aldaketa egingo zizkion Eusko Jaurlaritzaren dekretuari buruzko informaziorik ez geneukalako, gaur goizera arte.

1- MUGIKORTASUNA
  • Pertsonak arrazoi hauengatik mugitu ahalko dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian zehar:
    – Osasun kontuengatik.
    – Laneko gauzengatik.
    – Arrazoi profesional edo enpresarialengatik.
    – Ohiko bizilekura itzultzeko.
    – Hezkuntzako eta formakuntzako arrazoiengatik.
    – Pertsona nagusiak edo laguntza behar dutenak bisitatzeko, zaintzeko edo artatzeko.
    – Ez-ohiko beste edozein zereginetarako.
  • Pertsona oro bere bizilekua dagoen herrian mugitu ahalko da inolako distantzia mugarik gabe.
  • Paseoak familian (etxeko bizikideekin) ematea baimenduta dago.
  • Elkarren ondoko herrietara lekualdatzea baimentzen da zeregin sozioekonomikoetarako.
  • Osasun arrazoiengatik norbere herritik ahalik eta gutxien mugitzea gomendatzen da.
  • Ezin izango da norbera bizi den herrialde barruko bigarren egoitza batera joan.
  • Ibilgailuan, gidaria eta beste bidaiari bat joatea (atzean eta gidariaren diagonalean) baimenduta dago. Etxe bereko bizikideak ere joan daitezke kotxe berean, kotxeak dauzkan plazak bete arte.
  • Tabernetako terrazetara joateko ez dago ordutegirik. Kontsumoa bakarrik terrazan egin ahal da, eta ez beste inon. Taberna bakoitzak bere arauak ipiniko ditu terrazen erabileraren inguruan.
  • Erosketak egiterakoan errespetatu denda bakoitzak ezarritako arauak.
2- KIROLA ETA JARDUERA FISIKOA
  • Kirola eta jarduera fisikoa egin ahalko dira, beti ere higiene eta osasun neurriak kontuan hartuz, norbere ohiko bizilekua dagoen herrian zein albokoetan (Ondarroako kasuan, Mutrikun eta Berriatuan). Paseoa jarduera fisikoa denez Mutrikuraino eta Berriatuaraino ere joan ahal da paseoan.
  • Aire librean dauden kirol instalakuntza pribatuak zabaldu daitezke, baina horietara bakarrik instalakuntza dagoen herriko biztanleak eta ondoko herrietakoak joan daitezke.
  • Kirol instalakuntza publikoek itxita jarraituko dute.
3- BEILATOKIAK, HILETAK eta KULTU ERLIJIOSOAK
  • Beilatokiak: kanpoaldean eginez gero, gehienez 15 pertsona familia eta hurbilekoen artean.
  • Beilatokiak: eraikin barnean eginez gero, gehienez 10 pertsona familia eta hurbilekoen artean
  • Hiletak: gehienez 15 pertsona familia eta hurbilekoen artean.
  • Erlijio guneak: gehienez aforoaren %30a.
  • Hilerriak itxita jarraitzen du.

[IRAKURRI HEMEN UDAL BANDOA]

4- KULTURA
  • Liburutegiak, museoak eta ekintza kulturalak eskaintzen dituzten aretoak itxita egongo dira.

Espainiar estatuko gobernuaren dekretuak liburutegietako liburu eta pelikulen mailegu zerbitzua baimentzen zuen, baina Eusko Jaurlaritzaren dekretuak dio ezin direla zabaldu.

5- KALERA ATERATZEKO ORDUTEGIAK
  • Kalera irtetzeko ordutegiek berdin jarraituko dute gaurtik aurrera ere. Kirola herrian zein ondoko herrietan egin ahalko da eta paseoak emateko kilometro bateko distantzia errespetatzea bertan behera geratu da. Gogoratu egunean behin atera ahal dela etxetik, norbere ordutegian.
6- HONDARTZA

Gogoratu hondartzan zer egin ahal den eta zer ez, eta oso garrantzitsua dela erabilera eta ordutegiak errespetatzea.

Arrigorri hondartzaren erabilera egokia egiteko arauak.

7- GUNEAK KENDU DIRA

Lehen fasean sartzearekin batera Ondarroako Udalak herria espaziotan banatzearekin ez jarraitzea erabaki du. “Uste dugu herria zati desberdinetan banatzeak bete duela bere funtzioa. Hala ere herritarrei zentzuz jokatzea eskatzen diegu, bi metroko tartea betez eta eskuak sarri garbituz. Eskerrak eman nahi dizkiegu lehen faserainoko etapa honetan udalaren gomendioei jarraituz herri barruko espazioak errespetatu dituzten ondarrutar guztiei”.

8- SKATE PARK eta FRONTOIAK

Skate park-a eta frontoiak erabilgarri egongo dira, beti ere honako arau hauek errespetatuz:

  • Bakoitzak berari dagokion ordutegian erabili ahal ditu.
  • Gehienez, momentu berean, bi erabiltzaile egon daitezke.
  • Norbait itxaroten egonez gero, ordu erdiko saioa egin dezake erabiltzaile bakoitzak.
  • Etxera iristean gogoratu erabilitako materialak desinfektatzea.
9- TABERNAK, ELKARTEAK eta TXOKOAK.

Taberna eta jatetxeetako terrazak zabaldu ahal dira, beti ere iaz baimendutakoaren %50ean. Beti ere segurtasun distantzia mantentzen dela bermatu beharko da. Ondarroako Udalak aukera eman die herriko taberna eta jatetxeei iazko mahai kopuru bera edukitzeko baimena eskatzeko. Eskaerak banaka aztertuko ditu udalak eta ahal den kasuetan espazio bikoitza utziko zaio taberna edo jatetxeari terrazan iaz beste mahai ipintzeko. Edozein kasutan ezingo da iaz baino mahai gehiago ipini.

Elkarte gastronomikoak, txokoak eta gazteen lokalak itxita egon beharko dira.

[IRAKURRI HEMEN ESPAINIAKO GOBERNUAREN DEKRETUA]

[IRAKURRI HEMEN EUSKO JAURLARITZAREN DEKRETUA]

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina