Astelehenean (urtarrilak 15) salaketa bat ipini zuen gazte erabiltzaile batek Ondarroako Udaltzaingoaren aurrean. Gertaera horren harira, jazotakoa ikertzen ari da udaltzaingoa, atzo, martitzena (urtarrilak 16) bigarren gertakari larri bat jazo zelako. Egoera gogor eta zaurgarrian dauden gazte hauen egoeraren inguruan kezkatuta dago Ondarroako Udala, eta orain arte moduan, laguntza emateko prestutasun osoa du, bere baliabideak euren esku ipiniz, eta horrela adierazi zaio hasieratik Bizkaiko Foru Aldundiari.
“Asteleheneko salaketaren bidez jakin genuen zentroan jazotakoa, salatzailearen ahotik. Oso gertakari larriak dira kontatutakoak, bai astelehenean kontatutakoak eta baita atzo kontatutakoak ere”, esan du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak “ohikoak diren egoerak direla esateak are gehiago arduratzen gaitu”. “Zentroa zabaldu zenetik, zabaltzeko moduak eta denboran nola egin zen esatera sartu gabe, udala izan da etengabe Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan jarri dena informazio eskatzeko eta laguntza eskaintzeko, beti ere gazte hauen bizikidetza sustatzeko asmoarekin. Kasu honetan ere horrela izan da”. Gatazka bat dagoen bakoitzean gertatzen den modura, iritzi kontrajarriak egongo dira, eta udala ez da horiek epaitzen hasiko, baina salaketa ipini ostean gazteak bizitakoak eta jasandakoak erabat kezkatzen gaitu.
Lagundu gabeko adin txikiko atzerritarrei harrera egiteko egun dagoen sistema eta kudeaketak, ez dio erantzuten bizi dugun errealitateari. Aspalditik dakigu geroz eta gehiago direla gurera datozenak eta etorriko direnak beraien etorkizuna eraiki nahian, baina Aldunditik ez dago ez plan ez azpiegiturarik guzti horri erantzuteko. Erabiltzaileez gain, bertako langileen baldintzez ere arduratuta gaude.
Harrera herria gara, ez hitzez soilik, baita ekintzaz; erakutsi egin behar den gauza bat da, eta horretan ari garen arren behin eta berriro mugak eta oztopoak aurkitzen ditugu”.
Udala etengabe ari da gazte hauek herrian murgiltzeko ahaleginak egiten, eta gertaera hauei ematen zaien tratamenduak egoera zaildu eta gazte hauen egoera okertu baino besterik ez du egiten: “iritsi eta gutxira egin genien udal ordezkarion aurkezpena, gure baliabideak eta azpiegiturak zein ziren azaldu, eurekin hitz egin, eurei entzun… udaleko sail desberdinak murgildu dira plan honetan. Herriko hainbat jardueratan ere murgilduta daude, herritarrekin harreman zuzena daukate, kiroldegiko erabiltzaileak dira… baina ohartzen ari gara Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela nahi udala gehiegi murgiltzea gazte hauen gizarteratzean, horretarako mugak ipiniz. Guk, elkarlanean sinisten dugu. Harrera herria garela ez da soilik esan behar den gauza bat, erakutsi egin behar den gauza bat da, eta horretan ari garen arren behin eta berriro mugak eta oztopoak aurkitzen ditugu”.
Sistemak ez du funtzionatzen, eta argi dago. Gazte hauek ere herritarrak dira, eta ez bigarren mailakoak. Ez dira alboratu behar, eta ikusten dugu hori dela etengabe gertatzen ari dena. Horrek erakusten du egungo sistemak ez duela funtzionatzen eta plan integral on baten falta dagoela. Duela askotik jakin izan dugu geroz eta gehiago izango direla lagundu gabe gurera iritsiko diren adingabeak, eta ez daukate plan integralik. Sistemak porrot egin du, beste behin ere. “Pertsonen bizitzaz ari gara, eta hori guztiaren gainetik dago. 18 urte betetzen dituen gazte bat kale gorrian uztea ez da bidezkoa, eta horri erantzun bat emateko gai izan behar gara gizarte modura, erakunde publikoetatik hasita”.