2020ko udal aurrekontuak onartu dira; anexuko aparkaleku berria, gizarte zerbitzuen kalitatea mantentzea eta udako kultur eskaintza dira proiektu nagusiak

0

Udal gobernuak 12.354.765,17 euroko aurrekontua aurkeztu du gaur (ekainak 17) arratsaldean telematikoki egin den udalbatzan, eta onartu egin da, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrako botoekin. Iazkoa baino 69.090,83€ txikiagoko aurrekontua izango da 2020koa. EAJk bere kontrako botoa emendakinen kontrako erabakiarekin lotu du. Hala ere elkarlanerako konpromisoa berretsi dute bi alderdiek.

Koronabirusak gogor jo du eta eragina edukiko udal aurrekontuetan, eta datorren urtekoan are gogorrago joatzea espero da. “Kontuan hartu behar da sarrerak murriztu egin direla: larrialdi egoeran egonik eten diren zerbitzuen tasa zenbait ez direla kobratuko edo dirua itzuli egingo dela, itxita egon diren tabernetako zaborren tasak edo kiroldegiko abonatuen tasak esaterako. Horrez gain, udalkutxako sarrerarik ere ez da egongo aurten udalentzat, iazko soberakina geldiarazita baitago”.

EAJk azpimarratu du oso garrantzitsua dela likidazioak eginda edukitzea udalak zein norabide jarraitu behar duen jakiteko eta zer daukan jakiteko, ez 2018koarekin eta 2019koarekin gertatu den bezala. Horrekin batera Ogasun Batzordea hilabetero batzea eskatu du Maria Dolores Etxano Varela bozeramaileak, “kontrol zehatzagoa eramateko” eta baiezkoa eman dio Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak.

Hala ere, udalak proiektu garrantzitsuak dauzka esku artean aurrekontu berriarekin batera ekiteko. Hirigintzan anexuko aparkalekua asfaltzatzea da proiektu nagusia, HAPOarekin jarraitzeaz gain, biharko Ondarroa nolakoa izango den planifikatzeko. Udalak, 2021eko lehen hilabeteetarako prest edukitzea aurreikusten du anexuko aparkalekua, horrela herrian dagoen aparkaleku handiena baldintza onetan ipini eta herrian aparkatzeko dagoen arazoa leunduz. Horrekin batera, Kamiñazpiko eraberritze prozesuari ere ekingo zaio, proiektuaren lehen urratsak emanez: “argi dago Kamiñazpi eraldatzeak denbora eta kostu ekonomiko asko suposatzen duela, baina apurka-apurka hasi egin behar gara proiektuarekin, badago beharra eta”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Anexuko aparkalekua.

Beste proiektu garrantzitsu bat hilerri atzeko basoa erosi eta aisialdi gune bat sortzea da. Bertan, mahai batzuk eta ipiniko dira eta horrela txango bat eginaz arnasgune ederra egongo da herritik oso hurbil. “Herrian dauzkagun naturguneak baliatu eta herritarrentzat arnasgune eta aisialdirako guneak sortu behar ditugu”, esan du alkateak. Bide beretik doaz kukaña inguruko balizamenduak ere: “aurtengoak ondo funtzionatuz gero Zubi Barriko inguru bat ere balizatzea aztertuko dugu, geroz eta ume gehiago ibiltzen baitira bertan”. 0-3 urte bitarteko umeentzako jolasgune berri bat ipintzea ere aurreikusten da Artibai egoitzaren aurrealdean.. Lan txikiagoak egingo dira kiroldegian, Antiguako Ama elkartean, Kantoipeko argiterian, kaleko bankuetan…

Ongizatea arloan, Artibai udal egoitzaren partida handitzeaz gain, Karenka elkartearekin, gizarte zerbitzuekin, Danonartin elkartearekin Antiguako Ama elkartearekin elkarlanean jarraituko du udalak. Karenka elkartearekin apurka-apurka herria irisgarriagoa egitea da helburua.

Ingurumen arloan animalien kontrolerako partida 8.000 eurotan handitu da. Alde batetik, txakur kaken inguruan kontzientziatzeko kanpaina bat abiaraziko du udalak, eta bestetik, katuekin dagoen arazoari irtenbide bat bilatzen ahaleginduko da udala.

Aniztasunean eta berdintasunean aurreko urteetako lanarekin jarraituko du udalak. Ondarroa herri anitza eta adeitsua izateko bidean, Hezkidetza Proiektua eta Jabekuntza Eskolak izango dira ardatz. Horrez gain, data esanguratsuen inguruan antolatutako sentsibilizazio kanpainek eta proiektuek leku berezia edukitzen jarraituko dute. Etxelilak erreferentziazko gunea izaten jarraitzen du eta biharko Ondarroa eraikitzeko giltzarria da.

Kulturari dagokionez, Andra Mari jaietako partida da azpimarragarriena. Partida mantendu egiten da, jaiak ohi bezala bertan behera geratuta dauden arren: “jaietako partida garrantzitsua izaten da eta jairik ez dagoelako murrizketak egin beharrean udaldi osoan herrian martxan jarriko den Kultur Uheri egitasmora bideratuko da partida”. Aritza Aristondo Natxiondok esan du horrela antolatu zirela Aste Santua Etxetik egitaraua eta Antxoa Eguneko ekintzak ere, izatez Antxoa Egunerako prestatuta zegoen partidatik.

 

Euskara sailetik, ohiko ekintzak antolatzeaz gain (Augustin Zubikarai nobela beka, ipuin rallya, Literatur Amuak, Liburuen Amuak irakurle taldea…) herriko taldeei emandako laguntzak dira partida handiena. Horrez gain, UEMAra ere bideratzen da kopuru esanguratsu bat, urte guztiko ekintzetarako. Orain esaterako, Bertatik bertara turismo kanpaina abiatuko dugu hainbat udalek UEMArekin batera, bertoko hizkuntza, produktuak eta herriak ezagutzera emateko eta hurbileko turismoa sustatzeko.

EAJk lau emendakin aurkeztu dizkio aurrekontuari, baina atzera bota dira EH Bilduren bozkekin: “ezezko bozka ez da emendakinekin ados ez gaudelako, baizik eta uste dugulako orain hobe dela aurrekontuak ez blokeatu eta aurrera egitea eta irailean mahaian eseri eta proiektu horiek lantzea”. Emendakinak hezkuntza zentruei laguntza zuzenak emateari buruz, irisgarritasunari buruz, mugikortasunari buruz eta Kaleandin igogailu bat ipintzeari buruz izan dira. “Igogailuaren proiektuarekin hasi baino lehen horren bideragarritasuna aztertuko dugu”, esan du Eneritz Basurko Hirigintza zinegotziak. “Lehenengo azterketa batzuk egin ditugu, baina ez dauka zentzurik orain 20.000 euro aurreikustea proiektua egiteko zehatz jakin gabe non egingo den eta zein ezaugarrirekin”. Aurkeztutako emendakinen harira bi alderdiek uda ostean mahaian eseri eta elkarlanerako konpromisoa berretsi dute.

Horrez gain, EH Bilduko ordezkariek azaldu dute batzordeburu bakoitzari eskatu zaiola bere partidetatik gastatuko ez denaren estimazioak egitea, gero, irailean, kreditu aldaketen bidez irailean berriro egoera zailtzen bada horri aurre egiteko gaitasuna edukitzeko.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina