Eguenean hasiko da lagundutako bainu zerbitzua Arrigorri hondartzan

0

Ondarroako Udalak, BBK, Bidaideak eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera aurten ere Hondartza Denontzat proiektuari jarraipena eman eta lagundutako bainu zerbitzua eskainiko da Arrigorri hondartzan. Zerbitzua uztailaren 2tik (eguena) abuztuaren 31ra (astelehena) eskainiko da, egunero; astelehenetik domekara 11:00etatik 19:00etara.

Zerbitzua eskaintzeko txoko bat ipiniko da Arrigorri hondartzan. Bertan, laguntzaileak egongo dira harrera egin, baliabideak eskaini eta lagundutako bainu zerbitzua eskaintzeko. Aurten, baina, Koronabirusa dela eta, momentu berdinean lau erabiltzaile egon ahalko dira bakarrik gune horretan, beti ere bakoitza bere laguntzaile pertsonalarekin.

Bidaideak elkarteak, dibertsitate funtzionala duten pertsonen euskal elkarteak azaldu duenez, Osasun Sailak ezarritako protokolo guztiekin eskainiko da zerbitzua: “gure laguntzaile bakoitza beti pertsona berdinekin harremantzen ahaleginduko gara, zerbait gertatuz ere kontaktu zuzena norekin eduki duen zehaztu ahal izateko”. Horrez gain, higienizazio eta desinfekzio protokolo oso zehatza jarraituko dutela ere azpimarratu dute, bai erabiltzaile eta laguntzaileen artean eta baita erabilitako baliabideekin ere. “Erabiltzaileei eskatzen diegu zerbitzura datozenean ahal den guztietan behintzat laguntzaile berdinarekin etortzeko; berdin da laguntzaile hori profesionala den edo etxekoren bat edo lagunen bat, baina beti pertsona bera izatea komeni da”. “Horrez gain, beti bermatu beharko da metro eta erdiko tartea, eta ezin denean maskarila erabiltzea derrigorrezkoa izango da”.

Aldagela egokitua. Ondarroako Udalak aldagela egokitua egin du Arrigorri hondartzan, txiringitoko eraikinean. Laguntza behar duen orok aldagela hori erabiltzeko aukera edukiko du, txiringitoan giltza eskatuz. Aldagelan, dutxak eta kamila egokitua daude, beharrizana daukatenek euren espazio propioa edukitzeko hondartzara iristean zein bertatik ateratzean aldatu eta dutxatu ahal izateko.

 

Arrigorri hondartza eta badia.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina