Aurten ez da ohi bezalako Lilatoirik ospatuko Donostian eta beraz azken urteetan Ondarroatik bertaratzen den ordezkaritza zabala ez da Donostian egongo. Hala eta guztiz ere, antolakuntzak Lilatoi birtuala egitea proposatu du martxoaren 5etik 8ra bitartean. Etxelilatik erronka horri jarraipena ematea erabaki da eta herritarrak izena ematera animatu dituzte. Martxoaren 4ra arte egongo da zabalik izen-ematea.
Izena ematea zabalik dagoen arren, Lilatoiko kamisetak eskatu nahi dituztenek otsailaren 5a (barikua) baino lehen eman behar dute izena Etxelilan: “kamisetak eskatu nahi dituenak, otsailaren 5a baino lehen eginez gero bermatuta edukiko luke eskatutako kamisetaren neurria eta modeloa. Hortik aurrera, ezingo dugu bermatu”. Kamisetak Etxelilan bertan jaso beharko dira, aurrerago zehaztuko den egun eta orduan. Izen ematea 4 eurokoa izango da eta izen emateaz gain kamiseta ere eskatuz gero, 11€. Izena emandakoan aplikazio bat deskargatu behar da (antolakuntzak zehaztuko du noiz deskargatu daitekeen).
[LILATOIAREN WEBGUNE OFIZIALA]
Antolatzaileek esan dute aurtengo Lilatoian, martxoaren 5etik 8ra bitartean, izena ematen duen bakoitzak erabaki dezakeela noiz egingo duen korrika. “Modalitate desberdinak egin daitezke berez, baina Etxelilako taldean korrika bakarrik egiteko izena emango dugu, Aringaingan taldearen esentzia mantenduz”, zehaztu dute Etxelilatik.
Irina Alkorta Bedialaunetak herriko emakumeak Lilatoi berri honetan parte hartzera animatu ditu: “azken urteetan geroz eta handiagoa da ondarrutarron presentzia Donostian, eta aurten desberdina izango den arren espero dugu erantzun ona ematea”. Azpimarratu du Donostiara joaten ez diren baina herrian aringa-aringa dabiltzan emakumeentzako ere baliagarria izan daitekeela hurrengo urteetan Lilatoira joatera animatzeko.