Abandonatutako autoak kentzeko zerbitzuaren balorazio ona egin du udalak; dagoeneko 15 ibilgailu erretiratu dira

0

Azaroaren 13an kendu ziren autoak lehen aldiz Ondarroako bide publikoetatik Udaltzaingoaren proiektu berri honi esker. Gaur arte, dagoeneko 15 dira erretiratu diren ibilgailuak eta Udaltzaingoak beste batzuk ere badauzka begiz jota. Zerbitzua eskaintzen hasi zirenetik bi hilabete eta erdi igaro direnean, balorazio oso positiboa egin du Ondarroako Udalak.

Ondarroako Udaltzaingoaren telefono zenbakia: 946 833 673

Ondarroako Udaltzaingoak zehaztu du gaur arte 15 direla kendu diren ibilgailuak: “6 turismo, 3 furgoneta, 3 ziklomotor, kuadriziklo arin bat eta 2 quads”. “Zerrendan, beste 10 bat ibilgailu ere badauzkagu, apurka-apurka kentzen joango garenak ondoren txatartegira eramateko”.

Udaltzaingoaren bulegotik kudeatzen da abandonatutako ibilgailuen zerbitzua.

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak azpimarratu du Udaltzaingoak abandonatuta ikusi dituen eta euren zerrendara gehitu dituen ibilgailuez gain, herritarrek ere badaukatela aukera euren ibilgailuak zerrenda honetara batzeko: “ibilgailuak kalean abandonatu beharrean Udaltzaingora joan, ibilgailuaren paperak, giltz guztiak eta jabearen nortasun agiriarekin eta eskaria baino ez da egin behar. Behin hori eginda Udaltzaingoa arduratuko da gainontzeko kudeaketa guztiaz eta ibilgailua txatartegira eramateaz. Doako zerbitzua da”.

Ondarroan dagoen aparkaleku gabezia ikusirik, erabiltzen ez diren ibilgailuek aparkalekuak ez betetzea da helburua. Alkateak azpimarratu du uste baino auto abandonatu gehiago daudela herrian, beste ibilgailu batzuei lekua kentzen: “badakigu herrian aparkatzea arazoa dela gaur egun. Horregatik, arazo horri irtenbidea emateko neurrietako bat da zerbitzu hau. Hurrengo urratsa anexuko aparkalekua egokitu eta bertan 150 bat ibilgailurentzako aparkalekua sortzea izango da. 2021ean Itsasaurreko aparkalekuaren bideragarritasun azterketa egiteko kontratua esleitzea ere aurreikusten dugu”.

Abandonatutako ibilgailuak. Ibilgailuak bide publikoetan abandonatzea ez dago baimenduta, eta horregatik, abandonaturik dauden ibilgailuen zerrenda bat egin du Udaltzaingoak. Ibilgailu horien jabeekin harremanetan jarriko dira zer egin erabakitzeko, eta bestela, bide publikotik kenduko ditu. Ez dira abandonatutzat jotzen, nahiz eta itxura hori eduki, epaitutako kasuren batekin lotura daukaten ibilgailuak, epaileak behin-betiko aginduren bat eman arte: lapurtutakoak, enbargatutakoak edo istripuren batean zerikusia eduki dutenak kasu.

Abandonatutako ibilgailuak, Zaldupeko aparkalekuan.

Azaroaren 13an erretiratu ziren abandonatutako lehen ibilgailuak herriko kaleetatik, zerbitzu berriari esker.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina