Udaltzaingorako lan eskaintza publikoa aurkeztu da Ondarroan, eredu komunitarioan eta elkarlanean oinarrituta

0

Ondarroako Udaltzaingoak elkarlanean oinarritutako Lan Eskaintza Publikoa (OPE) aurkeztu du gaur (urriak 9), eta datorren astelehenean argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Elkarlan hori, udaltzaingoaren eredu komunitario bateranzko bidean, Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Lemoako udalekin batera egin da. Herri hauetan ere eskainiko dira plazak.

Gaurko aurkezpenean, Urtza Alkorta Ondarroako alkatea, Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea eta Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkatea egon dira. Lea-Artibai eskualdean hiru herri hauetan eskaintzen da Udaltzain zerbitzua, eta eskualdetik abiatuta eredu komunitario bateranzko lehen urratsak ematea da asmoa, herri txikietara zuzendutako hurbileko udaltzainen zerbitzua eskaintzeko.

Zerbitzuaren kalitatea areagotzen jarraitzea eta behin-behinekotasunarekin amaitzea dira prozesu honen helburuak; udalak, langileek behin behinekotasun tasa %8tik jaitsi nahi du. Deialdi publikoa argitaratzeko eguna urriaren 16a izango da, astelehena, eta bertan agertuko dira izena emateko epeak zein diren. Udalaren ohiko komunikabideen bitartez ere emango da honen berri.

Ondarroako Udaltzaingoak egindako apostu irmoa da, herri txikien beharrizanei ondo erantzungo dien eta bertoko beharrak asebetetzera bideratuta dagoen Lan Eskaintza Publikoa. “Eskaintza bateratu honetara bildu dira Lekeitio, Markina-Xemein eta Lemoa ere, ikusi dutelako gurea bezalako herriek badaukatela beharrizan berezi bat Udaltzaingo eredu komunitario baterako”, esan du Ondarroako udaltzainburuak. “Herri txikien beharrizanei hobeto erantzuten die halako prozesu batek, inguruko jendeari aukera eman eta polizia eredu zurrunetik aldentzen den udaltzaingo eredu bat osatzeko. Udaltzaingo komunitario bateranzko bidean, bitartekaritzan, hurbileko tratuan eta herria eta herritarrak balioan jartzen dituen eredu baten aldeko apustua da hau”.

Ondarroak, hiru udaltzain plaza eskainiko ditu prozesu honetan, eta horietatik bat emakumeentzako izango da, Ondarroako Udaltzaingoaren Plan Bereziko berdintasun atalean jasota agertzen den modura. Eskaintzen diren plazen %40a emakumeei bideratuta egongo dela zehazten da plan horretan. Markina-Xemeinek plaza bat eskainiko du, beste bat Lekeitiok (gehiagora zabaltzeko aukerarekin) eta beste bat Lemoak: “prozesuan bertan aukeratuko dute hautagaiek zein den gehiago atsegin duten lantokia, eta gero oposaketen puntuazioaren arabera esleituko zaie lekua”. “Azterketan, herriaren ezagutzari buruzko atala ere zein herriri buruzkoa egin hautagaiek aukeratuko dute”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina