Emakumeen eta gizonen IV. Berdintasun Plana abiarazi du udalak, Etxelilako erabiltzaileentzako lan saio ireki batekin

0

2019an Ondarroako Udalak ordura arte indarrean izandako III. Berdintasun Planaren ebaluazioa abiapuntutzat hartuta, 2021 honetan IV. Berdintasun Plana zehazteko prozesu parte hartzailea jarri du martxan. Berdintasun Planari hasiera emateko Etxelilako erabiltzaileentzako lan saio ireki bat antolatu da maiatzaren 12rako (eguaztena), 18:00etan Etxelilan.

Martxoan ekin zion Equipare elkarteak Berdintasun Plan berria eraikitzeko prozesuari, eta urte amaierarako plan berria edukitzea aurreikusten du udalak. Prozesua parte-hartzailea izango da eta herriko hainbat eragile eta norbanakok hartuko dute parte bertan, tartean, Berdintasun Kontseiluak, hezkuntza eta hezkidetza arloko agenteek, talde feministek, Etxelila Emakumin Topalekuko erabiltzaileek, Gizarte Zerbitzuek, berdintasun sailak eta udaleko beste alorrek.

Plan berriak Emakunderen VII. Berdintasun planak ezarritako ardatzak jarraituko ditu, eta lau arlo hartuko ditu kontuan: 1) Gobernu ona, 2) Emakumeen ahalduntzea 3) Ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzea, eskubideak bermatzeko, eta, 4) Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak.

Beraz, Etxelilako erabiltzaile orori gonbidapena luzatu die Irina Alkorta Bedialauneta berdintasun zinegotziak maiatzaren 12an 18:00etan Etxelilan egingo den saio irekian parte hartzera. “Denon iritziak jasotzea garrantzitsua izango da ahalik eta planik osatuena, gaurkotuena eta herrira eta egoera berrietara egokituena osatzeko”. Saioan parte hartzeko Etxelilan eman behar da izena: etxelila@ondarroa.eus posta elektronikoan, 946134008 telefonora deituz edo 664547367 telefonora whatsappez idatziz.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina