Literatur Amuak eta Azaroak 25, bat egindako egitaraua Ondarroan: “Euskaraz feminismotik, feminismotik euskaraz”

0

Formatu berritzailearekin dator aurtengo ekimena. Ohikoa baino egun batzuk beranduxeago baina euskara eta berdintasun sailen arteko elkarlanarekin, Literatur Amuak ekimena eta Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren inguruko egitarauak uztartuz. “Feminismotik euskaraz, euskaraz feminismotik”.

[IRAKURRI EGITARAUA HEMEN]

Egitaraua azaroaren 19tik abenduaren 5era luzatuko da: “Euskaratik abiatuta, indarkeria matxistaren aurka eta emakumeenganako indarkeriaren aurka agertu nahi du udalak egitarau honen bidez. Hartara, egitarauak bildu ditu, alde batetik, Euskara sailak antolatutako Literatur Amuak egitaraua euskarazko kultur sortzaileei emana eta beste aldetik, Udal berdintasun sailak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna erdigune hartuta, antolatutako hainbat ekintza”.

Sarrerak eta gonbidapenak. Ekintza batzuetara joan ahal izateko sarrerak edo gonbidapenak beharrezkoak izango dira. Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri bihartik (azaroak 11, eguena), martitzenetik domekara, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

[IRAKURRI EGITARAUA HEMEN]

“Izango dugu zertaz gozatua Ondarroan eta aldi berean zer aldarrikatu ere: aldarrikatuko dugu ez dugula emakumeenganako indarkeriarik onartzen, aldarrikatuko dugu nazkatuta gaudela indarkeria matxistarekin eta ozen esango dugu, baita ere, emakumeak plazetan nahi ditugula: emakumeak kantuan, oholtzan, emakume sortzaileak eta partehartzaileak. Eta, noski, aldarrikatuko dugu euskaraz bizi nahi dugula; gure herrian gure hizkuntzan bizitzeko nahia dugula, euskarak egiten gaituelako herri”.

Ondarrutarrak ere arituko dira egitarau berezi honetan. Azaroaren 19an herriko Beldur Barik sariketarekin jarriko da martxan egitaraua. Biharamunean, Andrabanda Feministaren 10.urteurreneko dokumentalaren aurkezpena egingo da Kofradia Zaharrean. Azaroaren 26an, Alain Lersundi artistak berak sortutako Nire zigilua. Homofobiaren (beste) istorio bat lan transformatiboa eskainiko du. Hurrengo egunean ‘Ondarroa inguruko ipuinak’ liburua oinarri duen ikuskizun sentsoriala eskainiko dute. Abenduaren 3an, Euskararen Eguna, Oroitzen hondarra nota txikietan poesia errezitaldi musikatua eskainiko du Mikel Etxaburu olerkigile ondarrutarrak Musika Eskolan.

[IRAKURRI EGITARAUA HEMEN]

Lander Garro, iazko bekaren irabazlea, Xabier Mendigurenekin.

Zubikarai sariak ere abenduaren 3an banatuko dira. 18:00etan hasiko da Kofradia Zaharrean sari banaketa ekitaldia. Lehenengo, aurtengo nobela-beka zeinentzat eta zein proiekturentzat izango den emango da jakitera eta Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak elkarrizketatxo bat egingo dio irabazleari, bere proiektuaren berri denei emateko. Aurten ere Ana Urkiza eta Leire Bilbao idazle ondarrutarrek osatu dute epaimahaia Xabier Mendigurenekin batera, bai nobela-beka sariketarako eta baita nanoipuin lehiaketarako ere. Ondoren, iazko bekaren irabazle Lander Garrok Faith nobela aukreztuko du, Joxemari Urteagarekin izango duen solasaldiaren bitartez.

Horren ostean aurtengo nanoipuin lehiaketako sari banaketa eta irakurketa egingo dira. Guzti hauek amaitzean Musika Eskolan Mikel Etxabururen poesia errezitaldi musikatuarekin gozatzeko aukera egongo da.

Azaroaren 27an, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Udagoieneko Ostera ekimenaren barruan Olatz Salvador musikariak Arbide pasealekuan grabatutako kontzertu bereziaren proiekzioa egingo da Alde Zaharrean. Ikusi aurrerapen bideoa HEMEN.

Txakur Gorria Sormen taldea arduratu da aurtengo egitaraua diseinatzeaz.

Euskara eta berdintasun saileko zinegotziak eta teknikariak, aurkezpenean.

OHARRA: Unean-uneko eta tokian-tokiko Covid-19aren kontrako arau eta neurri guztiak bete beharko dira uneoro. Egitarauko ekintzaren baten parte hartzeak edo ikusle izateak arau hauek bete behar izatea dakar.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina