2022ko aurrekontuak onartu ditu Ondarroako Udalak

0

2022ko udal aurrekontuek oinarri bi dituztela azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak: lehenengoa, zergarik ez igotzea herritarrei eta bigarrena, oinarrizko zerbitzuen aurrekontuetan (ongizatea, berdintasuna, euskara…) inolako murrizketarik ez egitea.

11.656.058,45 milioi euroko aurrekontua izango du 2022an Ondarroako Udalak, iazkoaren antzekoa; aurtengoak 141.496 euro gehiago ditu. EH Bilduko zinegotziek proiektuaren alde bozkatu dute eta EAJ/PNV ostera abstenitu egin da. Kontrako botorik barik onartu dira beraz 2022ko udal aurrekontuak.

Alkateak esan du aurrekontuek aipatutako bi oinarriak izatea lehentasuna izan dela udalarentzat: “batzuetan kontrakoa saltzen diguten arren egoera ekonomikoa ez da ona, eta horren erakusgarri da esaterako ondarrutar askoren ogibide diren inguruko lantegiek bizi duten egoera zaila. Halakoen aurrean ezin dugu ez zergarik igo ezta oinarrizko zerbitzuetan murrizketarik egin ere. Herritarren bizi kalitatea bermatzen jarraitu behar dugu”.

Azken urteetan aurrekontuak beranduago onartu diren arren, aurten udal gobernuak urtea amaitu baino lehen prest izatea lortu du, horrek dakarren onura guztiarekin: “azken urteetan lortu nahi izan duguna lortu dugu aurten, urtea amaitu orduko aurrekontuak onartuta izatea. Horrek inbertsioetarako diru gehiago eta eskuragarri arinago edukitzea ekarriko du, herriko taldeei dirulaguntzak arinago bideratzea…”. “Nahi genuen eta lortu dugu. Orain, batzorde bakoitzean zehaztuko da alor bakoitzeko aurrekontuarekin zein diren batzordekideen iritziak, eta horren arabera ezarriko dira alor bakoitzeko proiektuak eta lehentasunak, alor bakoitzeko zinegotziek dauzkaten proposamenekin kontrastatzeko”.

Inbertsioak. 2022ko aurrekontuekin, besteak beste, honako inbertsio hauek gauzatzea da asmoa: Augustin Zubikarai enparantza eta Artabidera doazen eskailerak konpontzea, Artibai egoitzan teilatua kopontzea eta igogailu berria ipintzea, Txori Errekara gasa eramateko lanen II.fasea, HAPOarekin jarraitzea eta Ibaiondoko proiektua idaztea. Udalak eskuartean dituen gainontzeko proiektuen exekuzioak 2021eko diru kontuen likidazioa egin ostean hasiko dira.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina