Irigarritasun plana lantzen jarraitzeko batzar irekia egingo da maiatzaren 3an

0

Ondarroako irisgarritasun plana berritzeko lanean, herritarrekin batera batzar irekia egingo da maiatzaren 3an, martitzena, 18:00etan Kofradia Zaharrean. Planaren diagnostikoan oinarritutako proposamenak lantzea eta hauek lehenestea izango da bilera honen helburua.

“Oso garrantzitsua da herritarrek batzar hauetan parte hartzea, beraien iritzietatik eratorritako diagnostikoaren ondorioetan oinarriturik, irisgarritasuna hobetzeko proposamenak egingo baitira. Proposamen bat baino gehiago dagoen lekuan, gainera, zein lehenetsi behar den ere eztabaidatuko da”, adierazi du Eneritz Basurko Pagoaga hirigintza batzordeburuak.

Otsailean egin zen diagnostikoa bideratzeko lehen parte-hartze saioa eta galdetegien bidez hainbat ondorio atera ahal izan dituzte planaren kudeaketaz arduratzen ari diren Projekta Urbes enpresako arduradunek eta Ondarroako Udalaren hirigintza arduradunek. Kontsultatu emaitzak hemen:

  • Espazio publikoari dagozkionak (ibilbideak, oinezko pasabideak, eskailera eta arrapalak, igogailuak, plazak…): klikatu hemen.
  • Eraikinei eta garraio elementuei dagozkionak (eraikinak, autobus geltokiak eta aparkaleku erreserbatuak): klikatu hemen.

“Gogora ekarri dute helburua Ondarroako irisgarritasuna hobetzen joatea dela, herritarren parte hartzean oinarritutako plan baten bitartez. Herritarrak dira lehen eskutik irisgarritasun arazoak hautematen dituztenak, eta horiei konponbidea eman nahi diegu”, azpimarratu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. “Prozesu honetan ez ditugu hirigintzan adituak behar, Ondarroan bizitzen arituak baizik”, nabarmendu dute Projekta Urbes enpresako kideek: “Saio guztiak, hau zein gainerakoak, herriko edozein auzotan bizi edota bertako kaleetan orduak ematen dituen herritar orori zuzenduta daude, adina, jatorria eta bizi-baldintzak edozein direla ere”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina