Udalak eta Radixu irratiak eraso matxisten aurkako telefonoa martxan ipiniko dute Zapato Azulean

0

Ondarroako Udalaren Berdintasun Sailak eta Radixu irratia Zapato Azule jaiaren antolatzaileak eraso matxisten inguruko lanketa egin dute, ekainaren 25ean ospatuko den jaira begira.

Indarkeria matxistaren aurkako jarrerak egunero landu behar diren arren eta horren aurka egunero borrokatu, egia da jaien testuinguruan eta halako jendetza espero denean eraso sexistak eta sexualak areagotu egiten direla.

Hori ikusirik, udalak eta Radixu irratiak halako erasoren bat gertatuz gero protokolo oso bat prestatu dute. Horren barruan dago eraso sexisten arretarako telefonoa ere: 688 772 772. Zerbitzu horren helburua Zapato Azulean gertatzen diren edozein intentsitateko eraso sexisten informazioa jaso, aholkularitza eskaini eta salatzea da; funtsean, jaiaren bueltan gertatzen diren eraso guztiak identifikatu (erasoen berri izan), ikusarazi eta behar den neurriko erantzuna ematea ahalbideratzea. Arreta telefonoaren bitartez, besteak beste, indarkeria kasuen berri izango dugu, kasuak erregistratuko ditugu eta ikusgarri egin; horrela, herritarrak indarkeria sexistaz zein indarkeria matxistaren beste molde batzuez (transfobia, lesbofobia, homofobia) kontzientziatu eta jaien testuinguruan dagoen errealitatea ahalik eta osatuen jaso nahi da. Guztia, eraso matxistak baztertzeko.

Baliabideak ezagutzen dituzten emakumeek kudeatzen dute telefono hori. Telefono bidezko laguntza emateko eta eraso baten aurrean zer egin behar den azaltzeko prestatuak daude, eta behar izanez gero, emakume erasotua laguntzeko eta akonpainamendua egiteko prest daude.

Zerbitzuaren ezaugarriak:

  • Ordutegia: 20:00etatik 08:00etara.
  • 12 urtetik gorakoentzat.
  • Zerbitzuaren atzean indarkeria matxistan arituak eta adituak diren emakumeak egongo dira.
  • Edozein intentsitateko eraso sexistak erregistratzea du helburu, besteak beste.
  • Whatsapp bidezko zerbitzua ere eskainiko du.

Ondarroako Udalak eta Radixu irratiak erasorik gabeko jaia aldarrikatzen dugu, eta argi utzi nahi dugu erasotzaileek ez daukatela lekurik Ondarroan. “Jaietan ere libre izan nahi dugu”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina