Etxelilak ikasturte berrirako programazioa aurkeztu du

0

Aurten ere lau izango dira oinarri nagusiak: jabekuntza eskola, eztabaidagune feminista, parte hartze gune irekiak eta erakusketak. Jardueretan izena emateko aukera martitzenean (urriak 4) zabalduko da.

[IKASTURTEKO PROGRAMAZIOA]

Ikastaroetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretiaz izena ematea. Ikastaro bakoitzaren prezioa 5-10 euro bitartekoa izango da. Oinarrizko errenta jasotzen dutenek eta 20 urtetik beherako gazteek, ostera, %50eko deskontua izango dute. Izena emateko: matrikula-fitxa bete eta ordainketa egin behar da. Goizetan, Udal Diru-Bilketa bulegoan (Kantoipe 3an) egiteko aukera egongo da, eta arratsaldeetan, Etxelilan (Artibai 3, goiko pisuan). Matrikula ez da onartuko matrikula- fitxa bete eta ikastaroa ordaindu arte. Eta behin matrikula eginda, baja emanez gero, ez da dirurik itzuliko.

Plaza-kopurua: Ikastaro bakoitzeko lagun-kopurua bete ahala itxi egingo da matrikulazioa. Talde bakoitzeko, gutxienez, 7 lagun.

[IKASTURTEKO PROGRAMAZIOA]

Zer da bakoitza edo zertan datza?

  • JABEKUNTZA ESKOLA: Emakumeek bizi duten desberdintasun egoera azaleratu eta beraien parte hartze sozial eta politikoa sustatzea du helburu; horretarako, formaziorako, hausnarketarako eta elkargunerako espazioak sortuz.
  • EZTABAIDAGUNE FEMINISTA: Gune honen helburua herritar guztiei zuzendutako jarduerak antolatzea da, aditu batek gidatuta, hausnarketa eta eztabaida feministak garatzeko espazio bat irekiz. Ez da beharrezkoa izango aurretiaz izena ematea.
  • PARTE HARTZE GUNE IREKIAK: Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak izaera parte hartzailean duen heinean, jabekuntzarako gai batetik abiatuta talde parte hartzaileak eta iraunkorrak sortuz joan dira. Talde irekiak dira eta parte hartzeko interesa baduzu, Etxelilan eskatu informazioa. Lau izango dira: literaturaz eztabaidatzeko gunea, Aringaingan, Andrabanda Feminista eta neska gazteen txokoa.
  • ERAKUSKETAK: Etxelila sortzaile feministentzako plaza izatea ere bada helburua, eta horregatik, inguruko zein Euskal Herri osoko sortzaile txiki-handien lanak ikusgai izango ditugu.

Ikastaroetan zaintza-zerbitzua eskainiko da, baina ezinbestekoa da zerbitzua beharko dela jakinaraztea matrikula-fitxan edo beranduenez ikastaroa baino astebete aurretik.

[IKASTURTEKO PROGRAMAZIOA]

Etxelilak, hamarkada bat. 2023a urte berezia izango da Etxelilarentzat, bere 10.urteurrena ospatuko baitu. Momentuz ez dute ezer aurreratu 2013ko sorreraren urtemuga ospatzeari buruz, baina azpimarra bat egin dute: “Martxoak 11. Gorde data”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina