Petardo eta suziriak ez botatzeko eskatu du Ondarroako Udalak

0

Petardo eta suziririk ez botazeko eskatzen die Ondarroako Udalak herritarrei, pertsona eta animaliengan eragiten dituen ondorio latzengatik. Bota behar dituztenei, dei argia luzatu nahi zaie udaletik: petardo eta suzirien jaurtiketa Gabon Zahar gaueko 00:00etatik 00:30era mugatzeko. Ondarroako Udalak, aurreko urteetan bezala, Gabonetan bota ohi diren petardo eta suziriek eragiten dituzten kalteak kontuan izan, hausnartu eta zentzuz jokatzeko deia luzatu du. Ohitura handia dago suziriak eta petardoak botatzeko, baina hauek ere zentzuz erabili behar dira, hainbat herritar eta animaliari kalteak eragiten dizkietelako. Hori dela eta, suziriak eta petardoak Gabon Zahar gaueko 00:00etik 00:30era mugatzeko eskatu du udalak.

Udaletik gogorarazi nahi da debekatuta dagoela F1 kategoriako suziri edo petardoak 12 urtetik beherakoei saltzea, F2 kategoriakoak 16 urtetik beherakoei eta F3 kategoriakoak 18 urtetik beherakoei.

“Ohiturak ohitura, jabetzen goaz petardo eta suziriak botatzeak eta batez ere hauen eztanden zaratek kalte izugarriak eragiten dituztela, beraz, herritarren arteko errespetuan oinarrituz, suziri eta petardoen erabilera Gabon Zahar eguneko 00:00etatik 00:30era mugatzea eskatzen dugu”, esan dute udal ordezkariek. Jaietan ere sarriago bota ohi ziren suziriak, petardoak eta su-artifizialak, baina horien erabilera mugatuagoa da orain, pertsona sentiberen hobebeharrez.

Petardo eta suziriek eragiten dituzten kalteak:

  • Kalte handiak eragin diezazkioke suziria bera bota duenari edo inguruan dauden pertsonei.
  • Izua eragin dezake haur eta pertsona nagusiengan.
  • Arazo kognitiboak, autismoa, alzheimerra, dementzia eta antzekoak dituztenei ere kalte handiak eragiten dizkiete. Autismoa daukatenek entzumena garatuagoa izan ohi dute.
  • Maskotek zein kalean bizi diren animaliek asko sufritzen dute eztanda bakoitzean. Suzirien bapateko argitasunak kalteak eragiten dizkiete hegaztiei.

Gurasoek euren seme-alabei baimena ematen badiete suziri edo petardoak erabiltzeko, beraiek ardurapean izango da, eta komenigarria da, beraz, aurretiaz gailu bakoitza nola eta non erabili behar den argi uztea.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina