Martxoaren 5ean egingo da aurten Donostian Lilatoia eta urteroko hitzordua bihurtu da herriko emakumeentzat. Aurreko urteetan bezala Etxelilatik taldean joateko deia egin dute eta inoiz baino emakume gehiagok eman dute izena: 114 lagun.
Amaituta dago Etxelilan izena emateko aukera, baina nahi izanez gero aukera dago oraindik Lilatoian izena emateko, bere web orriaren bitartez.
Etxelilak garrantzia handia du herriko emakumeen ahalduntze prozesuan eta horren erakusle da martxoan beteko dituen 10 urtetan zer nolako lana egin den bertatik: Jabekuntza Eskola, ikastaroak, eztaibaidaguneak… Espazio horietako bat da Aringaingan taldea, Arantza Burgoa Agirregomezkortak zuzendutako korrika taldea. Halako egitasmoak sustatuz eta emakumeen ahalduntze prozesuetan sakonduz lortzen dira halako zenbakiak, beraz, “Ondarroako Udaletik zorionak ematea eta Etxelilaren proiektuan sinisten eta inbertitzen jarraitzea baino ez zaigu geratzen”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak eguneroko lanketari egin dio azpimarra: “bai udaletik, bai Emakumeen Kontseilutik eta bai Etxelilatik egunero-egunero alor guztietan egiten den lanketari esker ari gara helburuak lortzen. Bidea luzea da oraindik, baina gure alorretik beste alor guztietan eraginez lortuko dugu behin betikoz kaleak berdintasunean hartzea eta Ondarroa feministagoa izatea; Etxelilan Lilatoirako egon diren izen emate kopurua da horren erakusle”.
Iaz, 78 lagunek eman zuten izena Etxelilan eta lasterketako talde handienaren saria jaso zuten. Aurten ere egongo ote da horrelakorik?