Jaietan eraso matxistei aurre egiteko Herri Protokoloaren koordinazio Mahaiak Zapato Azularen balorazioa egin du

0

Hau da jaietan eraso matxistei aurre egiteko Herri Protokoloaren koordinazio Mahaiak uztailaren 1ean ospatu zen Zapato Azule jaiaren inguruan gertatutakoei buruzko balorazioa:

Jaietan eraso matxistei aurre egiteko Herri Protokoloaren koordinazio Mahaia bildu da Zapato Azuleko balorazioa egiteko. Partehartzaileak honako hauek izan dira: Radixu Irratia, Ondarroako emakumeen Udal berdintasun Kontseiluaren ordezkari bi, Ondarroako Udala (EH Bildu eta EAJko ordezkari bana), Txosnaguneetako ordezkariak (Danak Etxea, Ernai eta Zubi Zahar Ikastola).

Herri Protokoloaren koordinazio Mahaiaren zeregina da -intimitatea eta konfidentzialtasuna bermatuz- erantzun soziala koordinatzea eta aktibatzea, hala badagokio. Indarkeria matxista egiturazko arazo soziala den heinean, elkarlana eta erantzun kolektiboa behar dituela sinesten baitugu.

Jaiek gune askeak eta seguruak izan behar dute, eta bertan parte hartu nahi duen edonorentzako gozamenerako gune. Hala ere, badakigu jaien testuinguruan erreproduzitu egiten direla egunerokoan bizi dugun indarkeria matxistaren zenbait molde. Are gehiago, jai giroetan, arau sozialak erlaxatu egiten dira eta testuinguru horretan, erasoen kopuruak gora egiten duela jakitun gara. Hori dela eta, urte osoko lanketaz gain, hainbat jarduera eta tresna espezifiko jarri ditugu martxan aurtengo Zapato Azulean.

Hala nola, Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloaren lanketa kolektiboa egin da Radixu Irratiarekin, Txosnaguneekin eta Noya tabernarekin batera. Eraso matxisten arreta zerbitzua ere martxan izan dugu. Zerbitzuaren bidez, alde batetik, erasotuentzako aholkularitza eta akonpainamendua bideratu da; eta bestetik, gertatzen diren eraso matxisten berri eduki nahi izan dugu, kasuak erregistratzeko eta ikusgarri egiteko.

Zapato Azulean 2 eraso matxista salatu ziren eta bi aldiz aktibatu zen protokoloa, zegokion erantzuna bideratuz. Horrez gain, 5 pertsona kanporatuak izan ziren txosnaguneetatik jarrera desegokiagatik. Honek ez du esan nahi beste eraso matxistarik egon ez zenik. Jakitun gara eraso matxisten erradiografia ez dela errealitatera hurbiltzen, soilik salatu diren erasoak zenbatu eta ikertzen direla, eraso gehienak ez direla salatzen edota ez dira eraso matxistatzat hartzen.

Bestalde, herrian zabaldu diren zurrumurruen aurrean, zera esan beharra dugu:
Udala beste erakunde batzuekin koordinatuta dagokion jarraipena egiten ari da, informazioaren erabilera oso zaindua egin beharrean gaude, pertsonak, lagunak eta familiak baitaude atzean.
Intimitatea eta konfidentzialtasuna bermatu behar dugu. Erantzun sozialak betiere erasotuaren erabakia, erritmoak eta denborak errespetatu behar ditu. Erasotuak erabaki ez duen gehiegizko esposizioa ekidin beharrean gaude. Zauriak eta minak ez handitzeko, eta ahal den neurrian, erreparatzeko.

Aurreko guztiak erakusten digu lanean jarraitu beharra dugula. Horrexegatik, Andra Mari jaiei begira, batetik, Eraso Matxisten Arreta Zerbitzua egunero mantenduko da, eta bestetik, lanketa kolektiboan sakonduko dugu. Hortaz, Ondarruko norbanako, elkarte eta eragileak animatu nahi ditugu, lanketa honetan inplikatu daitezen. Besteak beste, lan saio bat aurreikusten dugu, eraso matxistei aurre egiteko protokoloaren hobekuntzak adostu eta herrira sozializatzeko; bereziki deia egiten diegu herriko tabernariei lanketa honetan inplika daitezen. Hori dela eta, dei egiten dizuegu datorren uztailaren 18an, goizeko 9:00etan, Etxelilan egingo den lan saioan parte hartzera.

Gure konpromiso kolektiboa berresten dugu indarkeria matxistaren kontrako borrokan.
Eraso matxistarik gabeko jaien alde lanean jarraituko dugu.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina