Martxan da Etxelilaren ikasturte berria

0

Etxelilak ere zabaldu ditu ateak beste ikasturte berri baterako. Berritasun askorekin dator gainera 2023/2024 ikasturtea herriko emakumeen topalekuan. 10. urteurrena martxoan beteta eta indarrez lepo, prest dago beste ikasturte berri baterako.

Izena emateko epea urriaren 5ean zabalduko da; ordura arte ez da izena emateko aukerik egongo.

[ETXELILAKO PROGRAMAZIOA 23/24]

Aurten, sei ardatzek osatuko dute programazioa: eztabaidagune feminista, emakumeentzako jabekuntza eskola, erakusketak, liburutegi feminista, parte hartze gune irekiak eta berritasuna den gizonen desboteretzeari buruzko formazioa. Matrikula 5-10 euro artekoa izango da eta izen ematea urriaren 5ean, eguena, zabalduko da.

[ETXELILAKO PROGRAMAZIOA 23/24]

Eztabaidagune feminista herritar guztiei zabalik dagoen hausnarketarako espazioa da, gai desberdinen inguruan berba egiteko. Ez da beharrezkoa aurretiaz izena ematea. Sei saio izango ditu eztabaidaguneak: Gizontasunarekin zer? Izan daiteke gizona feminista?, Iñigo Ranero Gonzalezen eskutik; Puta zikinak liburuaren aurkezpena, Amaia Astobitza Uriarteren eskutik; hilekoa: errealitate eta fikzio ikerketaren aurkezpena eta solasaldia Udane Barinagarrementeria Laka eta Ainhoa Aldazabal Gallastegiren eskutik; Insumisas dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia; Erresistentziarako gorputzak: bollerak liburuaren aurkezpena Eva Perez-Pons liburuaren egilearen eskutik eta amaitzeko Ama ta asunak dokumental-erakusketa emanaldia, June Baonza Pagaldai diseinatzaile eta ilustratzailearen eskutik. Jabekuntza Eskolan zortzi ikastaro egongo dira aukeran, baina parte hartzeko izena eman behar da: literatura tailerra, coaching feminista, indarkeria matxista kasuen aurrean zein salaketa eta defentsa aukera dauden azaltzeko ikastaroa, zoru pelbikoa lantzen, hilekoa(k) neska* gazteentzako, nire ahotsa zure haragian, serigrafia tailerra eta dantza irauli zuten emakumeak. Jabekuntza Eskolan parte hartzeko izena eman behar da eta matrikula ordaindu. Ikastaro bakoitzeko plazak bete ahala itxi egingo da matrikulazioa. Talde bakoitzeko, gutxienez 7 lagun.

[ETXELILAKO PROGRAMAZIOA 23/24]

Aurtengo berritasun nagusia gizonen desboteretzeari buruzko ikastaroa izango da, bereziki gizonei zuzenduta. Iñigo Ranero Gonzalez pedagogia feministetan adituak eskainiko du, azaroaren 8, 15, 22 eta 29an (eguaztenak). Ordu eta erdiko lau saio izango dira, 19:00etatik 20:30era. “Gizon ez gara jaiotzen, egin egiten gara. Tailer honetan gizontasunaz eta gizonok eragiten dugun indarkeriaz arituko gara, baita feminismoan bizi behar dugun papera eta zelan bilakatu gure esparruetan eragile feminista. Helburu nagusiena espazio kritikoa sortzea izango da, horretarako ezinbestekoa da jarrera proaktiboa eta errespetuzkoa ekartzea”.

[ETXELILAKO PROGRAMAZIOA 23/24]

Parte hartze guneetan, literaturaz eztabaidatzeko gunea, Aringaingan, Andrabanda Feminista, neska gazteen txokoa egongo dira, eta horri batuko zaio Andrak Erramutan, zeatxik ez? ekimena.

Ordutegia zabalduko da. Ondarroako Udalak egindako Emakumeen eta gizonen berdintasun planean jaso zen bezala, Etxelilak bere zerbitzua eskaintzeko ordutegia zabalduko du. Eguazten eta eguen goizetan zabalik egongo da Etxelila, 10:00etatik 13:00era: “uste dugu zerbitzuaren kalitatea handitzeko ordutegia ere zabaldu egin behar dela, eta horretarako inbertsioa eginez emakumek Etxelila astean bi goizetan ere eskura izatea lortu dugu”, esan du Naiara Burgoa Lizarraga berdintasun zinegotziak. “Etxelila erreferente bat da herriko emakumeentzat, eta bere jarduera gauzatzeko zenbat eta ordu gehiago egon zabalik, askoz hobe”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina