Udalak 1.276.900 euro ordaindu behar izan dizkio Parrokiari Txomin Agirreko hitzarmena dela eta

0

Ondarroako Udalak 1.276.900 euro ordaindu behar izan dizkio Andra Mari Parrokiari Txomin Agirre ikastolaren inguruan 2007ko ekainean sinatu zuten hitzarmena dela eta. Hitzarmen horretan jasotako lanak 12 hilabetetan amaituta egon behar ziren, bestela udalak kalteordainak ordaindu behar zizkion instalazioaren titularra zen Andra Mari Parrokiari.

Lur azpiko bi solairuko aparka- leku bat 137 autorentzako eta 1.251 metro karratuko aterpe bat (udalak ordainduta) harmailekin, horiek ziren urtebetean egin beharreko lanak udalak eta Parrokiak sinatutako hitzarmena bete ahal izateko. Horrez gain, udalak 832,65 metro karratuko lur zati bat parrokiari emateko konpromisoa hartu zuen, eta baita aparkaleku berriko 5 toki parrokiari ematea ere.

a) Bi solairuko aparkaleku bat 137 autorentzako.

b) 1.251 metro karratuko ater- pe bat (udalak ordainduta) har- mailekin.

c) Ikastola azpiko aparkaleku- ko 5 toki ematea.

d) 832,65 metro karratuko lur zati bat parrokiari ematea.

«Edozeinek daki urte bakar batean ezinezkoa dela obra guzti horiek egitea, are gehiago jakinda zelako obra handia den lur-azpiko bi solairuko aparkaleku bat egitea», azaldu du udal gobernuak. «Hori gutxi ez eta 12 hilabetetan obra eginda eta aipatutakoak parrokiari emanda egon behar zirela esaten du hitzarmenak; ezinezkoa zen gauza, eta bestela kalteordainak ordaintzera». Hitzarmen berean jaso zen 12 hilabete horietatik atzeratutako egun bakoitzeko penalizazioa 300 eurokoa izango zela udalarentzat, parrokiaren mesedetan. Hitzarmena bete ez zenez, Parrokiak epaitegietara eraman zuen kasua, eta hori dela eta ez da gaur egunera arte dena konpondu, udalak ere herriaren interesak defendatzeko ahalegin guztiak egin baititu. Ahalegin horien baitan lortu zuen udalak, Parrokiarekin eta Gotzaitegiarekin izandako negoziazioaren ondorioz Ibaiondoko aparkalekuak zabaltzea, 2020ko otsailean.

Hitzarmenean jasota zegoen jolastokiaren aterpeak ere sortu zuen eztabaida. Alde batetik, ez zetorrelako bat herriko hirigintza arauekin, eta bestetik bizilagunen salaketak ere eragin zituelako. Orduan, ikastolak gaur egun bertan dagoen aterpetxeoa eraikitzeko erabakia hartu zuen. Aterpetxo horren kostua ere ordaindu egin behar dio orain udalak: beste 89.516,93 euro.

Ondarroako Udalak ez zuen 12 hilabeteko epea bete aipatutako obrak egiteko eta horregatik parrokiak errekurtsoa aurkeztu zuen Bilboko Administrazio Auzien 1.epaitegian. Auzitegi horrek, 2016ko azaroaren 15eko epaiaren bidez udala behartu zuen 2007ko ekainaren 8an sinatutako hitzarmena betetzera; epai hori Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko salak berretsi zuen 2018ko otsailaren 13an.

Aipatutako epaia irmoa zela iritzita eta udalak 2007an sinatu- tako hitzarmena betetzen ez zuela argudiatuta, 2023ko martxoaren 14an epaiaren exekuzioa eskatu zuen Andra Mari parrokiak. 2023ko maiatzaren 15eko idazkiaren bidez, alkateak osoko bilkura izendatu zuen epaia betearazteko organo arduradun, erabaki hori aho batez onartuz 2023ko maiatzaren 24ko udalbatzan.

2023ko ekainaren 7an, Ondarroako Udala eta Andra Mari parrokia elkartu ziren bilera batean: batzar horretan adostu zen uztailaren 5a baino lehen udalak egitea 2007an sinatutako hitzarmena gauzatzeko alternatiba proposamen bat, gero Parrokiak baloratzeko egokia zen edo ez. Epaia betetzeko, hau egin behar izan du udalak 2023an:

1.- Penalizazioa: 2023ko uztailaren 26an, 2007ko hitzarmena ez betetzeagatiko penalizazioa ordaintzea onartu zuen udalak: 1.276.900€.

2.- Ibaiondoko aparkalekuko 5 plaza doan lagatzea Andra Mari parrokiari.

3.- Parrokiari konpentsazioa ematea bere garaian eraiki zuten aterpetxoak eragindako gasteungatik: 89.516,93€.

4.- 832,65 metro karratuko partzela segregatzea eta lagatzea. Horretarako, 2011ko Plan Berezia aldatu beharko du udalak.

Erabaki guzti hauen berri Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak eman zuen urriaren 28ko udalbatzan.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina