Eraso matxisten kontrako antolaketa sarearekin urte guztian jarraitzea erabaki dute herriko zenbait tabernek

0

Beikozini, Sokoa, Anaitasuna, Idoia, Txanpa, Arrantzale, Boga-Boga, Noya, Alai eta Koxkorra dira Andra Mari jaietako eraso matxisten kontrako protokoloarekin hasi eta Ondarroako Udalaren berdintasun sailaren proposamenez, sare hori urte guztira zabaltzeko konpromisoa hartu dutenak.

Bakoitzak, Andra Mari jaietan abian egondako eraso matxisten kontrako protokoloarekiko izandako bizipenak kontatu zituen balorazio bileran eta hortik abiatuta erabaki zuten protokolo honekin jarraitzea eta saretuta egoten jarraitzea. Protokoloa herraminta edo babes moduan erabili dutela aitortu zuten eta “lasaitasuna” eman ziela aurretik lanketa bat eginda zegoela jakiteak: lanketa saioetan azaldu zitzaien tabernei eraso matxistaren bat gertatuz gero zelan jokatu eta zein ziren jarraitu beharreko urratsak. “jaietako esperientziaren balorazioa positiboa izan denez, sarea mantentzea erabaki dute. Jaietatik kanpo ere babes hori izan eta lanketarekin jarraitzeko urte guztian mantenduko dute sarea, eta guretzako oso albiste ona da”, azaldu du Naiara Burgoa Lizarraga berdintasun zinegotziak. “Erasoak ez dira bakarrik jaien testuinguruan ematen, urte guztian gertatzen dira, eta berdintasun sailetik sustatzen ari garen Herri Protokoloaren sorkuntzan parte hartzeko borondatea erakutsi izana oso garrantzitsua da guretzat”. Ondarroako Udalaren berdintasun saila bidelagun izango dute behar duten guztian.

“Arazo estrukturala da, ez puntuala, eta elkarren arteko babesak indartsuagoa egingo du protokoloa. Zenbat eta eragile gehiago, orduan eta erantzun hobeak eta antolatuagoak emateko aukera daukagu”. Tabernaren batek sare honetara batu nahi izanez gero ateak zabalik ditu.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina