‘Ondarru. Bixi-bixi’. Herri marka berria aurkeztu du Ondarroako Udalak

0

Olatuek osatutako O hizki batek eta Ondarru, bixi-bixi leloak osatzen dute Ondarroako Udalak aurkeztu berri duen herri marka. Andoni Gartzia Alkorta diseinatzaile ondarrutarrak egindako lana da, eta aurrerantzean, hau izango da udalak erabiliko duen irudia.

Herri markarekin izaera eta norabidea transmititu nahi izan ditu udalak, eta lortu du hori Gartziak: “herri marka berri honek ez du Ondarroako Udalaren armarria ordezkatuko, osagarriak izango dira. Armarria garrantzi handiko sinboloa da herriarentzat, eta hori ez dugu albo batera utziko”, esan du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak. Herritarren parte hartze bidezko prozesu bat burutzea zen udalaren nahia, “baina denborak ez digu horretarako tarterik utzi”. “Garrantzitsutzat jotzen genuen herritar batek egindako irudia izatea, herritarrok baino hobeto inork ez baitu ezagutzen Ondarroa, eta uste dut, lortu duela transmititu nahi dugun irudia islatzea”.

Zergatik Ondarru eta ez Ondarroa. Herri marka denez, irudi honetan Ondarru erabiltzea hobetsi da horrela izendatzen baitugu gure herria herritarrok. Izen ofiziala Ondarroa den arren, gertukoagoa, herritarrok darabilguna eta kanpora begira ere ezagunagoa dena erabili dugu: Ondarru. “Arinago esan bezala, herri-marka hau ez dator udaleko armarria ordezkatzera, beronen osagarri gisa baizik. Udalaren komunikazio ofizialetan, irudi, testu eta abarretan Ondarroa idazten jarraituko dugu, zelan ez, baina herri marka sortzerakoan herriaren izena herritarron ahoan eta buruan den modura erabiltzea egokiagoa ikusi dugu, gertutasuna eta herritarron hizkera erakusteko”. “Bixi-bixi ere herriko esamoldea da, eta uste izan dugu herri marka hobeto ulertzen dela eta nahi duguna gehiago eta hobeto transmititzen duela herri hizkeratik”.

Udalaren komunikazioak herritar gehiagori eta hobeto helarazteko, whatsapp kanala ere sortu du Ondarroako Udalak.

Irakurri beherago.

Bixi-bixi. Lelo honek hiru esanahi barnebiltzen ditu. Lehenengoa, Ondarroa bizitzeko herria dela. Aukera asko eskaintzen dituena eta bakoitzak bere proiektuak gauzatzeko leku aporposa. Bigarrena, herri bizia dela: “bixi-bixik da Ondarru“. Euskara, kultura, kirola, portua, feminismoa, sormena, aniztasuna, historia, kaleak, kondairak, txokoak… txikitasunean handia eta bizia den herria da Ondarroa. Herritarrek egiten dute bizi Ondarroa. Eta hirugarrena, beharbada herritarrak ez direnentzat doan mezua: herria bera bizi egin behar dela, bere ezaugarriekin eta bere izatearekin. Ondarroa ez da postaleko argazki soil bat den herri bat, Ondarroa bizi behar den herri bat da, hizkera eta izatearekin, kresalarekin.

Iruditik, egitekoetara. Ondarroaren herri marka sortzeaz gain, udalak, beste komunikazio bide bat ere zabaldu du herritarrek udaleko jardunaren berri izan dezaten. Whatsappeko kanala. Ia herritar guztiek euren telefono mugikorretan daukaten aplikazioa da: “udalak orain arte zituen sare sozialek, halako segmentazio bat erakusten zuten adin multzoka, baina uste dugu whatsappeko kanal berri hau sortzeak hori gainditu dezakeela, adin guztietako herritarrak baitira whatsapparen erabiltzaileak”. Kanal honen bidez eskainiko dira herriko albisteak, agenda, iragarpenak, argazkiak eta udalak herritarrei esatekoak dituen guztiak; whatsappeko ohiko talde baten antzeko funtzionamendua dauka, baina mezuak bakarri udalak bidali ahal izango ditu. Whatsappeko kanalera batu nahi baduzu, klikatu hemen: Ondarroako Udalaren whatsapp kanala.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina