Otsailaren 29ko (eguena) ohiko udalbatzara aurkeztu zuen ‘Ondarroan Osakidetza gaixorik dago’ mozio proposamena EH Bilduk. EH Bilduren aldeko bozkekin eta EAJ/PNVren aurkako bozkekin onartu zen mozioa.
Mozioan esaten denez, “Ondarroan eta Lea-Artibai eskualdean nabaria da Osakidetzaren azken urteetako gainbehera”, eta hori argudiatzeko, herrian eragin zuzena daukaten hiru puntu azpimarratu ziztuzten:
- Oporrak eta bajak ez direla ordezkatzen, langileen lan karga eta langileen estresa aregotuz eta zerbitzua okertuz.
- Pediatria zerbitzua ez duela pediatra batek ematen.
- Ginekologia zerbitzurik ez dagoela.
Ondarroako egoeraz gain, Lea Artibai eskualdean ere “gainbehera” izan duela azpimarratu zuen Irina Alkorta Bedialauneta alkateordeak, eta horren aurrean neurriak hartzeko eskaria egin zion Osakidetzari:
- Mediku eta erizainak lehen zeuden bestean mantentzea eskualdean. Bajak eta oporrak ordezkatu eta herri guztietan urte osoan zehar zerbitzu duina ematea.
- Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako osasun zentroetan, pediatria zerbitzua eta emagin zerbitzua bermatzea. Zelan ez, oinarizkoa den larrialdi zerbitzua egunero 24 ordutan.
- UBI mugikor bat eskualdean.
- Usansoloko ospitalean erditze errazak eta larrialdietako pediatra zerbitzua.
- Eskualdeko hizkuntza errealitatea kontuan izanda ematea zerbitzuok.
EAJ/PNVren izenean Aitor Basterretxea Alberdik hartu zuen hitza eta esan zuen Osakidetza ez dagoela gainbehera, zer hobetu badaukala, baina gainbeheran ez dagoela. Gaineratu zuen, pertsonala ordezkatzeari dagokionez, arazoa pertsonal falta dela, ez ordezkapenak egin nahi ez izatea. Amaitzeko, hauteskundeei begira egonda egindako mozioa dela aurpegiratu zion udal gobernuari, eta eskari hauek “hauteskundeen zaratatik kanpo” egin behar direla.
Mozioa aurrera atera zen EH Bilduren aldeko bozkekin eta EAJ/PNVren kontrakoekin, beraz, Ondarroako Udalak mozio honen berri Osasun Sailari emateko konpromisoa hartu zuen, eta horrekin batera eta eskualdeko beste herrietako ordekariekin batera “bilera eskatzea osasun sailean eta plangintza bat eskatzea neurri hauek betetzeko”.