Iñigo Larrinaga Ortigueira izango da Ondarroako Udaleko zinegotzi berria

0

Nerea Lorenzo Gonzalez zinegotziak arrazoi pertsonalengatik kargua uztea erabaki eta gero, Iñigo Larrinaga Ortigueira (Ondarroa, 1985) izango da Ondarroako Udaleko EH Bilduren zinegotzi berria. Horrela eman zuen atzo jakitera Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak plenoan.

Lorenzok bere kargu lagatzea egin zuenean hasi zen udal gobernua ordezkoa izendatzeko lanetan eta kargu uzte hori atzoko (martxoak 20) udalbatzan onartu da ofizialki. Zinegotzi berria izendatzeko orduan, udal hauteskundeetako zerrendara jo zuen EH Bilduk, eta zerrendan zortzigarrena zen Urki Olaetxea Arkotxari zegokion izatez zinegotzia izatea. Baina Olaetxeak bateraezintasuna erakutsi zuen, Ondarroako Udaleko lanpostu baterako oposizioetan parte hartzen ari baita, eta horrek interes kontrajarriak izan ditzazkeelako.

Horrela, zerrendan hurrengoa zen Iñigo Larrinaga Ortigueira izango da EH Bildu udal taldearen zazpigarren zinegotzia, Larrinagak berak horrela izatea onartu ostean. Apirileko plenoan hartuko du ofizialki kargua.

Atzo eman zuen bere agurra Nerea Lorenzok, eta bi udal taldeetako ordezkariek eskerrak eman zizkioten hilabete hauetan udalean egindako lanarengatik.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina