Arrigorri hondartzako gordailuan aulkiak, etzaulkiak, eguzkitakoak eta umeen jolasak uzteko 70 urtetik gorako herritarrek izango dute lehentasuna. Lehentasun hori baliatu ahalko dute eguaztenean (maiatzak 29), eguenean (maiatzak 30) eta barikuan (maiatzak 31), 10:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 19:00etara. Horren ostean, ondarrutarrek izango dute lehentasuna, eta gero gainerako publikoak.
Ordainketa unean bertan egin beharko da eta gorde beharreko materiala ere orduan entregatu beharko da. Ez da erreserbarik onartuko.
Iaz egon zen espazio faltaren arazoari aurre egin eta lehentasunak ezartze aldera, 70 urtetik gorako ondarrutarrek (70 urte edo gehiago 2024an betetzen dituzten herritarrak) eta gutxienez %33ko desgaitasuna daukaten herritarrek daukate lehentasuna. Espazioa handitu egin da aurten, egin diren moldaketa batzuk direla eta, baina hala ere egoki ikusi da udaletik lehentasunak ezartzea, beharrizan handiena daukaten herritarrak kanpoan geratu ez daitezen.
- Biltegiko plazak eskaera-ordenaren arabera esleituko dira.
- Lehentasuna epeari lotuta dago. Epez kanpoko eskaera batek epeari lotuta duen lehentasuna galduko du, eta eskaera egin den uneko epeari dagozkion baldintzetara egokituko da.
Pertsona bakoitzak aulki edo etzaulki bat eta eguzkitako bat utzi ahalko ditu gordailuan. Materiala uztera joandakoan beharrezkoa izango da titularraren Nortasun Agiria aurkeztea eta ordainketa egitea. Ez da onartuko beste pertsona baten Nortasun Agiria aurkeztea. Hauek izango dira uda osorako tarifak: etzaulkiak 60€, aulkiak 50€, eguzkitakoak 45€ eta umeen jolasak 18€. Zerbitzua goizeko 10:00etatik gaueko 21:00etara egongo da erabilgarri.
Hasieran, lehentasuna ezartzeko adin modura 65 urte ipini nahi zen, baina ikusita 2.000 lagunetik gorako kopurua zela hori, ez zen bideragarritzat jo, ez bailukeen arazoaren irtenbidetzat balioko.