Bizkaiko hondartzetan ekainaren 15ean hasiko da hondartzetako denboraldia modu ofizialean. Covid-19ak sortutako egoera dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren aginduz hondartza bakoitzak larrialdi plan bat aurkeztu behar izan du eta Ondarroako Udalak beren-beregi prestatutako plangintza aurkeztu du Arrigorri hondartzarako.
Araudi hau martxan egongo da hondartza denboraldi ofizialak irauten duen bitartean gutxienez, hau da, ekainaren 15etik irailaren 30era. Ondarroako Udalak Arrigorri hondartzarako arautu ez duen alor guztietan, Bizkaiko Foru Aldundiaren irizpide orokorrak erabiliko ditu.
[IRAKURRI HEMEN FORU ALDUNDIAREN ALBISTEA]
HONDARTZAKO AFOROA KONTROLATZEKO: Bizkaiko Foru Aldundiaren azalpena:
Hondartzako pertsona-kopurua erregulatzeko eta, uneoro, segurtasun-tartea mantentzeko, sistema bat ezarri da; hondartzainek eta sorosleek neurketa bat egingo dute, eta, haren arabera, hiru okupazio-maila egongo dira, semaforo baten koloreekin bat egiten dutenak: berdea, anbar-kolorea eta gorria. Maila berdean, okupazio-maila ona da; anbar-kolorean, hondartza nahiko beteta dago, eta gorrian, bete-beteta. Honela ematen da informazio horren berri:
Hondartzan bertan, megafoniaren bidez, eta, hala denean, anbar-koloreko bandera bat jarrita; hala, erabiltzaileek jakingo dute betetzen hasi dela eta modu ordenatuan irteten hasi behar dutela (hondartzan dauden gainerako banderek jarraituko dute adierazten aurreko urteetan adierazten zutena: bandera berdeak, bainu librea; bandera horiak, bainua kontuz hartzea; bandera gorriak, debekatuta bainatzea, eta igerilari bat marraturik daukan bandera zuriak, uraren kalitatea ez dela egika bainua hartzeko).
- Bizkaiko Foru Aldundiaren web-orrian, non panpina berde bat, anbar-koloreko bi panpina eta hiru panpina gorri erabiliko diren hondartza bakoitzeko okupazio-maila adierazteko.
- Eta Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazitako BizkaiUp aplikazioan, non COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurri guztiei buruzko informazioa dagoen; edozein gailu mugikorretan deskarga daiteke aplikazioa. Besteak beste, informazio hauek bilduko dira aplikazioan: hondartzetako okupazio-mailak, hondartza bakoitzaren berezitasunei buruzko datuak, udalerriek une jakin batean har ditzaketen neurriak, aparkalekuen itxiera partziala, hondartza dinamikoaren egoerara pasatzea, sarbideei buruzko gorabeherak…
Hondartzako okupazio-maila web-orrian eta aplikazioan aurretik egiaztatu daitekeenez, Aldundiak zein gure lurraldean hondartza duten udalerriek herritarrei dei egiten diete tresna digital horiek kontsulta ditzaten hondartzara joan aurretik, hondartzako okupazio-maila egokia dela egiaztatzeko.
1- HONDARTZAREN ERABILERA
- Orokorrean, bainua hartzea, eguzkitan egotea eta hondartzan ibiltzea baimenduta daude, baina beti ere gehienez 3 orduz.
- Asteburuetan eta jai egunetan, marea goian dagoenean hondartza dinamikoa izango da, hau da, bainua eta paseoa bakarrik baimentzen da. Ezin daiteke eguzkia hartzen egon edo hondartzan geldirik egon. Hondartza dinamikoa izango da marea goian dagoen ordua baino ordu eta erdi lehenago eta ordu eta erdi geroagora arte.
2- SARRERAK ETA IRTEERAK
- Lurreko marrak jarraitu behar dira hondartzara sartzeko eta bertatik irtetzeko. Helburua jende pilaketak saihestea da. Bide guztiak dira norabide bakarrekoak.
- Bizikleten aparkalekuak lekuz aldatu dira, oinezkoen artean bizikletaz ibiltzea saihesteko. Markatutako gunean debekatuta dago bizikleta gainean joatea (ikusi planoa).
3- URETAKO JARDUERAK
- Baimenduta daude igeriketa, piraguak, paddle surf eta antzerakoak.
4- HONDARTZAKO JARDUERAK
- Hondartzako ordutegi ofizialak dirauen bitartean, hau da, 11:00etatik 20:00ak bitartean debekatuta dago hondartzan kirola egitea, izan bakarka edo taldeka. Palan jolastea ere debekatuta dago. Ur ertzean paseoak eman daitezke.
- Debeku honetan ez dira sartzen baimenduta dauden jarduerak: eguerdiko 12:00ak arte udal udalekuak eta ikastaro bereziak (sorosletza…).
5- SONBRILAK, HAMAKAK ETA AULKIAK
- Orokorrean debekatuta daude. Baimenduta daukate, bakarrik, 65 urtetik gorakoek, 3 urte edo gutxiagoko umeek eta beharrizan bereziak dituztenek.
6- AFOROA
- Hondartza jendez gainezka dagoela ikusten bada edo jendea distantziak mantendu gabe dagoela ikusten bada hondartzako sarrera itxi ahal izango du Udaltzaingoak edo, kasurik muturrekoenean, hondartza hustu, Ertzaintzaren laguntzarekin.
7- KOMUNAK ETA ALDAGELAK
- Berez garbitzen diren komun publikoak egunero garbituko dira.
- Arrigorriko txiringitoko komunak egunean gutxienez lau aldiz garbituko dira.
- Aldagelak itxita egongo dira, aldagela egokitua izan ezik.
- Komunetara bakarka sartu beharko da, kasu berezietan ez ezik.
[IRAKURRI HEMEN FORU ALDUNDIAREN ALBISTEA]