Atzo, arratsaldean kaltetutako herritarrekin batu zen Ondarroako Udala. Kofradian izan zen bilera eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei egoera gogorra izanagatik ere erakutsitako jarrera apalagatik.
Azken aste honetan mendian hasitako lanei buruzko informazioa eman zuten lehenbizi. Gaimaz, Geotunel eta Moyua enpresen artean Ondarrun lan egingo duen UTE sortu dute. Egunean 20 orduz lan egingo dute egin beharreko lanak ahal bezain ahal bezain pronto egiteko eta arriskua gutxitzeko.
Lan hauek iraun bitartean herritarrek ez dute berriro ere beraien etxean gauzak hartzera sartzeko aukerarik izango. ‘Makinak lanean dauden bitartean arriskutsua da jendea etxeetara sartzea harrien mugimendua sortu dezaketelako beraz denbora batez behintzat ezin izango da berriro etxeetan sartu’ azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.
Alokabide ere aste honetan elkartu da kaltetu guztiekin eta hainbat arinen emergentzia egoeran dauden herritarrei etxea aurkituko zaiela azaldu dute. Bitartean jendeak utzitako etxeak aztertu eta baliabideak behar dituztenei eskeintzen jarraituko dutela adierazi dute. Udalak inguruko herrietako udalak ere egiten ari diren ahalegina txalotu dute. ‘Eskualdeko herri guztietan etxe hutsak lagatzeko eskaria egiten ari dira’ nabarmendu du Bedialaunetak.
Mendiaren egoeraren berri emateko, hurrengo astean lanean aritu den geologo taldearekin elkartuko dira udal ordezkariak eta horren ondoren bertan azaldutakoa herritarrei jakinaraziko zaiela aipatu dute herritarrekin egindako bileran.