Lehenengo lerroko etxebizitzetako bizilagunek gutxienez etxetik kanpo urte bat egon beharko dutela aurreikusten du Ondarroako Udalak, besteek aldiz, beste lau hilabete

0

San Ignazio kaleko bizilagun eta merkatariek gauzak hartzeko aukera izango dute bihar

Orain arte Kamiñaldeko lanak martxan onean doaz baina San Ignazio kaleko bizilagunek oraindik ezin izango dute beraien etxeetara bueltatu. Lehenengo aldian hustutako etxebizitzetako bizilagunek gutxienez urte bete egon beharko dute etxetik kanpo eta besteek aldiz, lau hilabete, aurreratu dute gaur portuko Kofradian egindako bileran. Hori horrela izanda, bihar etxeetan sartu eta beharrezkoa dutena hartzeko denbora tarte bat izango dute bizilagunek eta merkatariek.

Kamiñalden egiten ari diren lanei buruzko informazioa helarazi zaie gaur herritarrei Kofradian egindako bileran. Bertan lanean ari diren teknikariek, orain arte egindako lanak eta aurrera begira egin beharrekoak azaldu dizkiete bertaratutakoei.

Bihar goizeko 9:00etan sartuko dira bizilagunak berriro ere beraien etxeetara behar dutena hartzeko. Etxebizitzetan sartzeko arazorik ez duten bizilagunek ordu beteko tartea izango dute behar dutena hartzeko zailtasun gehiago dutenek berriz 30 minutu. Udalak gaurko bileran aurkeztu du biharko protokoloa eta herritarrei ezarritako arauak errespetatzeko eskaria egin die. Horretaz gain, udaleko langileekin batera bihar lanean egongo diren suhiltzaileen, ertzainen eta larrialdi zerbitzuen aginduak betetzeko deia ere luzatu die herritarrei. ‘Ez dugu ahaztu behar larrialdi egoera baten aurrean gaudela, hori dela eta, bertan egongo diren teknikarien aholkuak jarraitu behar ditugu, ezustekorik gerta ez dadin’ gaineratu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.

Etxe hutsen eskaria

Orain arte Kamiñaldeko kaltetuak berkokatzeko arazoak izan ditu Ondarroako Udalak. Alde batetik Alokabidek kudeatzen duen prozesua nahi baino motelago doalako eta horretaz gain, oraindik ere herritarren aldetik dagoen eskariari erantzuteko gaitasunik ez dagoelako. Horregatik Ondarroako Udala Eusko Jaurlaritza eta Alokabideko ordezkariekin elkartu da eta etxeak alokairuan jartzeko ohiko prozesua azkartzeko eskaria egin dio, Ondarroakoa, larrialdi egoera bat delako. Alokabidekin batera, etxe bakoitzaren prozesua aztertzeko tartea ere hartu du udalak, arazoei konponbide azkar bat bilatzeko helburuarekin. Horretaz gain, herritarrei eta eskualdeko bizilagunei, etxe hutsak Alokabideren esku lagatzeko eskaria egin nahi dio udalak. ‘Beharra duten herritar guztientzat ez daukagu etxebizitzarik, horregatik berriro ere etxe hutsak Alokabideren esku lagatzeko eskaria egin nahi dugu, oraindik ere beharrizana handia baita’ gaineratu du alkateak. Etxea lagatzeko prozesuari buruzko informazio guztia hurrengo loturan aurkituko duzue: http://www.udalbarriak.eus/2016/04/12/alokabidek-etxebizitza-hutsak-dituzten-jabeei-deia-egiten-die/

Herritarren artean etxeko gastuak ordaindu beharrari buruzko zalantzak ere ugariak izan dira. Udala bere aldetik kaltetuei gastu hauek arintzeko ahalegina egiten ari da. Badoa eta zamarren zergak esaterako, etxea laga behar izan duten herritarrei eten egin zaizkie eta egoera normalizatu arte ez zaizkie zerga hauek berriro kobratuko.

Diru laguntzen arloa ere lantzen ari da Ondarroako Udala. Batean eta bestean ate joka ibili ostean merkatarientzako 65.000 euroko diru laguntza lortu du Udalak. Laguntza honen bitartez gehienez ere hileroko alokairua ordaintzeko 500 euroko laguntza izango dute hauek. Kaltetutako bizilagunen premiak asetzeko ere diru-laguntzen lerroa lantzen ari da udala. Horrenbestez, aurrerago jakinaraziko zaie kaltetutako herritarrei diru-laguntzak eskuratzeko prozesua zein izango den.

Arreta zerbitzua Maskulu Etxean

Larrialdi egoerari erantzun nahian gizarte langileak eta Alokabideko koordinatzaile batek osatutako arreta zerbitzu berria jarriko da martxan martitzenetik aurrera. Bulego berri honen bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak herritarren beharrizanei modu zuzen batean erantzuteko asmoa dauka eta horretarako gizarte langileak jarriko ditu herritarren mesedetara. Bertan, kokatuko da baita ere Alokabidek Ondarroan jarritako teknikaria ere.

Lanbide eta KZ Guneak San Ignazio kalean zeukaten zerbitzuak ere berkokatu ditu Ondarroako Udalak. Aste honetan bertan, Lanbide Kofradia Zaharreko 1.solairuan kokatuta da. KZ Gunea ostera, arrantza eskolako lehenengo solairuan dago, hain zuzen ere San Ignazio kalera mugitu aurretik zegoen lekuan.

Aurrera begira herritarrekin harreman zuzena mantendu gura du udalak. Horretarako, orain arte bezala kaltetuek sortutako elkartearekin batzen jarraituko du eta elkarteak ordezkatzen ez dituen etxebizitzetako ordezkariak ere bilerara gonbidatu nahi ditu. ‘Herritarrei eskura daukagun informazioa helarazi nahi diegu eta horretarako www.udalbarriak.eus webgunea eta izen bereko Twitter eta Facebook kontuak ere erabiltzen ditugu’ aipatu du Bedialaunetak. Aurrerago ere, aztertzeko moduko zerbait balego, hilabetero bilera zabalak egiten jarraitzeko asmoa ere agertu du Ondarroako Udalak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina