Hurrengo bilerak eztabaidarako eta erabakiak herritarrekin batera hartzeko erabili nahi ditu udalak
Orain arte bezala, Kamiñaldeko luperiak kaltetutako herritarrekin biltzen jarraitu nahi du udalak baina bilera horiek informazio elkartrukerako ez ezik, elkarlanera eta eztabaidarako izatea gustatuko litzaioke udalari. Herritarrei Kamiñaldeko egoeraren berri modu zuzenean emateko, orain arte kaltetuen ordezkariekin bildu da udala. “Kamiñalden gertatutakoaren berri emateko elkartu gara kaltetuekin baina harremanak estutu eta aurrerantzean hartu behar diren erabakiak herritarrekin batera hartu nahi ditugu” azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak. Momentu honetan arazo potolo honen aurrean dauden herritarrekin egon behar dutela gaineratu du alkateak, “azken kaltetua etxera bueltatu arte eskuz-esku lanean jarraitu behar dugu” azaldu du.
Hori horrela izanda, Ondarroako Udala, kaltetua den neurrian, berak ere eraikin horietan etxebizitza eta lokalak izan dituelako, kaltetuek osatutako gestorako parte izatera pasatu da.
Alokabidek ere azkartu du bere prozesua eta dagoeneko 26 familiarekin kontratua sinatu dute. Hala eta guztiz ere, oraindik ere etxebizitzen premia handia da eta udalak etxe hutsak dituzten herritarrei beraien etxeak Alokabideren esku lagatzeko eskaria egin die. “Alokabidek egindako aurreikuspenen arabera oraindik 47 etxebizitza gehiago beharko ditugu kaltetu guztiak beste etxe batzuetan berkokatu ahal izateko” azaldu du Eneritz Basurko Hirigintza zinegotziak. Arazo honi irtenbidea emateko Ondarroako Udala higiezinen Agentziekin elkartu da etxeak salgai dituzten herritarrei Alokabiderekin harremanetan jartzeko eskatuz. “Horretaz gain, herritarrei etxeak errentan jartzeko eskatuz gutun bat helarazi diegu” gaineratu du Basurkok. Ate ezberdinak jotzen ari direla eta kaltetu guztiak beste etxe batzuetan berkokatu arte lanean jarraitzeko asmoa agertu du udalak.
Etxeetan izandako lapurretak direla eta, Ertzaintzarekin egindako bileran zaintza lanak mantentzeko eskaria egin zion udalak. “Bileraren hurrengo egunean bertan, Estefania Beltrán de Heredia Segurtasun Sailburuari zaintza lanak bermatzeko eskariarekin gutuna helarazi genion” azaldu du alkateak. Larrialdi egoera mantentzen den bitartean eta herritarrak beraien etxeetatik kanpo dauden bitartean ezin dutela zaintza murriztu nabarmendu du Bedialaunetak.
Maskulu etxeko arreta zerbitzua ere martxan da eta herritarrek 10:00etatik 14:00ak artean txanda eskatzera joateko aukera daukate. Bertan herritarren zalantzak argitzeko gunea izango dute. Bulegora joan ezin dutenentzat telefono zenbakia (946129779) eta helbide elektroniko bat jarri dute eskuragarri maskul_etxea@outlook.com harremanetan jarri ahal izateko.
Diru laguntzen arloa ere martxan jarri dute Ondarroako Udala eta Eusko Jaurlaritzak. Apirileko Osoko Bilkuran Kamiñaldeko lur jausiaren ondorioz etxea lekualdatzeak eragindako kalteak arintzeko lehen beharretarako diru-laguntzen oinarriak onartu zituen udalak. Aste honetan Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak aipatutako laguntzak onartu ditu eta epe laburrean herritarrek laguntza eskatzeko aukera izango dute. Aurretik oinarriak kontsultatzeko aukera izango dute www.udalbarriak.eus webgunean.
Hementxe agerraldiko audioa entzungai: