Atzo arratsaldean portuko Kofradian izan zen herri batzarrean, Ondarroako Udalak Kamiñaldeko egoerari buruzko informazioa eman zuen. Bertan izan ziren Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkatea eta Eneritz Basurko Hirigintzako zinegotzia.
Lur-jausiak eragindako kalteen konponketa lanak 17 milioiko kostua izango dute. Hor sartzen dira mendiko lur kentzeak, kendutako lurrak pilatzeko egin behar izan diren desjabetzeak ordaintzea eta etxebizitzetan eragindako kalteak konpontzea.
Agerraldian azpimarratu zuten bezala, gaur egun Ondarroako Udalak ahaleginak egiten jarraitzen du finantzaketarako Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza gehiago konprometitu daitezen.
Dagoeneko lan horien bost zertifikazio jaso ditu Udalak, obrak burutzen ari den aldi baterako enpresa elkarteak bidalita. Zertifikazio hauek 6 milioi euro suposatzen dituzte eta hauetatik 2,5 milioi euro ordainduta daude (2 milioi euro Udalak ordaindu ditu eta 0,5 milioi euro Bizkaiko Foru Aldundiak).
Antza denez, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza euren artean hitz egiten ari dira arazo honen aurrean konpromiso gehiago hartzeko dituzten aukerez.
Dagoeneko Ondarroako Udalak, 2016ko aurrekontuan 2 milioi euroko aurreikuspena egina dauka eta bazuen beste partida bat eransteko asmoa ere, baina egunotan ebatzi den epai batek (Kamiñazpin lehen egon zen kontserberarekiko auzia) udala eta Bizkakiko Foru Aldundia 2,6 milioi ordaintzera behartzen ditu erdibana, eta honek erabat baztertzen du ekarpen gehiago egiteko aukera. Aldi berean, obra egiten ari den aldi baterako enpresa elkartearekin harremanetan dago Ondarroako Udala. Baldin finantzaketari buruz konpromiso garbia ez badago, obra ez da geldituko, baina, arriskua obraren erritmoa geldotzekoa da, eta ondorioz herritarren etxebizitzetarako itzulera atzeratzea.
Iruzkin 1
Pingback: Barikuan San Ignazio kalea irekiko du Ondarroako Udalak