Kirol anitza topaketa izango da domekan Zaldupe Kiroldegian

0

Ondarroako Udaleko Kirol Sailak, jarduera fisikoa eta kirola bultzatzeko asmoz iaz hasitako proiektuari jarraipena emango dio aurten ere, eta abenduaren 4rako antolatu dute ikasturteko bigarren topaketa. Proiektu honen helburu nagusia kirol ezberdinak ezagutu eta herriko gaztetxoek batera praktikatzea da. Herriko hiru ikastetxeetako LH3tik LH6ra arteko ikasleek izango dute domekako topaketan parte hartzeko aukera, baina aurrez izen-emateko orria ikastetxean entregatu beharko dute.

Azaroan egitekoa zen topaketa abenduaren 4ra atzeratu du udalak, tartean Aurrera Mendi Taldeak antolatutako Mendi Astea egon delako. Hurrengo hitzordua abenduaren 26 eta 27an izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Topaketa hauen bidez, kirol ezberdinak probatzeko aukera izango dute herriko gaztetxoek. Honela, lehen hezkuntza amaitzean, ume bakoitzak bere nahi edo gaitasunetara egokitutako aukera egin dezan. ‘Guretzat garrantzitsua da kirol disziplina ezberdinak herriko gaztetxoen eskura jartzea, beraiek gustoko dutena aukeratzeko, aurrez ezagutza bat izan dezaten’ aipatu du Unai Barrenetxea kirol zinegotziak. Jardunaldi hauek aurrera ateratzeko herriko kirol taldeen laguntza izango du udalak. ‘Ezinbestekoa da herriko taldeen inplikazioa proiektu honetan, beraiek dira egokienak egiten dutena gaztetxoei aurkezteko, eta lan hori eskertu behar die udalak’ gaineratu du Barrenetxeak.

Garrantzitsuena ondo pasatzea
Ekimen honen beste ezaugarri batzuk ere nabarmendu behar dira. Jarduera guztietan parte hartzeari emango zaio garrantzia gehien, bestelako kirol jardueretan hain garrantzitsua izan ohi den lehiaketaren aurretik. Horretaz gain, ikastetxe guztietako gaztetxoek parte hartuko dute topaketetan eta harremanak estutzeko aukera ona izan daitekeela uste du udalak. Topaketa guztiak dohainik izango dira; Kiroldegian burutzen diren jardueretan abonatu ez direnek sarrera ordaindu beharko dute.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina