Kamiñaldeko familia gehienak martxoaren hasiera aldera euren etxeetara itzuli ahal izango direla aurreikusten du Ondarroako Udalak

0

Zunbeltz Bedialauneta alkateak herria ‘larrialdi egoera’ batean dagoela azpimarratu du eta behar-beharrezkoa dutela instituzio publiko desberdinen laguntza ekonomikoa

Ondarroako Udalak herri batzarra egin du Kamiñaldeko lanen nondik norakoak herritarrei azaltzeko. Udaleko ordezkariek adierazi dutenez 85 dira oraindik euren etxeetan ez dauden familiak eta horietatik gehienak martxoaren hasieran itzuliko direla aurreikusten dute. Baina nahiz eta konponketa lanekin jarraitu, 10-15en kasuan itzulera data noiz izango den ezin dutela aurreikusi jakinarazi dute, hau da, kalte handienak jasan dituzten etxebizitzen kasuan. Hala ere, konponketa lanak egin bezain pronto itzuli ahal izango direla ziurtatu dute.

Lanen finantzazioari dagokionez, instituzio publikoen laguntza behar-beharrezkotzat jo dute. Zunbeltz Bedialauneta alkateak adierazi duenez, “Ondarru larrialdi egoera baten aurrean dago, eta erakundeek euren ardurak bete behar dituzte”. Eusko Jaurlaritzak Kamiñaldeko gertaerek eragindako gastuei aurre egiteko 2017 hasieran bi milioi euro emango dituela baieztatu du; Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko 1,5 milioi euro eman ditu eta Espainiako Gobernuari bi milioi euroko laguntza eskatuta dago, baina momentuz ezin da jakin diru laguntza jasoko al den eta jasoko bada zenbatekoa izango den. Oraindik beste 8 milioi euro airean daude eta Udalak dagoeneko 3,5 milioi euro ordaindu ditu.

Udal ordezkariek adierazi dute, instituzio publikoen aldetik emergentzia egoera honen aurrean laguntza gehiago ez bada jasotzen, Ondarrun ezingo direla hainbat proiektu gauzatu epe laburrean, herria hipotekatu beste aukerarik ez baitago. Horregatik azpimarratu dute instituzioen laguntzaren beharra behin eta berriz.

Bestalde, jakinarazi dute abokatu baten aholkularitzarekin ari direla egoera aztertzen. Une bakoitzean zein pausu eman erabakitzen laguntzeko. Horrelako egoera larri baten aurrean finantzazioa nondik lortu eta zein bidetatik jo erabakitzeko unean kanpoko aholkularitzaren beharra azpimarratu dute.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina