Leartibai Garapen Agentzia, itsas eta ibai lurraldeetan kostaldeko kultura ondarea kudeatzeko lurralde politikak hobetzea helburu duen HERICOAST-Interreg Europa proiektu europarrean parte hartzen ari da, ondarearen ustiapen eta babes ekintzen arteko oreka lortzeko bidean. Interreg Europa ekimenaren barruan kokatzen den eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) dirulaguntza jaso duen proiektu honek, 5 urteko iraupena izango du.
Proiektuaren helburu nagusiak ondorengoak dira:
- aisialdiaren garapen ekonomikora bereziki zuzendutako ondare natural eta kulturalaren kudeaketa politikak baloratu eta garatzeko eremu metodologikoa eraikitzea;
- kostaldeko kultura ondarea balioan jarri eta kontserbazioaren kudeaketa integral bat lortzeko, ikaskuntza praktikoa eta esperientzien elkar-trukaketa sustatzea;
- eta, azkenik, proiektuko lurraldeen eta agente ezberdinen arteko praktika onak ezagutzera ematea.
Proiektua koordinatu eta praktika onak ezagutzeko asmoz, urtarrilaren 23, 24 eta 25ean, Hericoast-eko kideak Lea-Artibain izan dira. Hiru egunetan eskualdea ezagutzeko aukera izan dute, besteak beste, Markina-Xemein (Arretxinagako ermita, Frontoia eta Zesta Puntaren historia), Ondarroa (Atxeternu, Portua, alde zaharra, Hondartzako eta Calatrava zubiak) eta Lekeitio (Mendieta, eliza, Santa Katalina Itsasargiko Interpretazio Zentroa, Lea Ibilbidea, Bengola Natur Energien Interpretazio Zentroa). Gainera, bertoko produktuak dastatzeko aukera izan dute.
Bisitaren ostean, eskualdean dugun ondare natural eta kulturalarekin eta ingururatzen gaituen paisaiarekin liluratuta gelditu dira europako kideak eta datorren maiatzean Erresuma Batuan ospatuko den Marinescape Forum izeneko ondarearen inguruko topaketara gonbidatu gaituzte. Gainera, egunotan bisitatu ditugun esperientzietako bat ponente bezala gonbidatzeko aurkezteko aukera ere planteatu zuten.
Leartibai Garapen Agentziarekin batera, Hericoast proiektuan Vest Adger Diputazioak (Norvegia), Gaztela eta Leongo Juntak (Espainia), Molise eskualdeak (Italia), Donegal Diputazioak (Irlanda), Tulcea eskualdeak (Errumania), CIVISCAPEk eta Amsterdameko Unibertsitateak (Holanda) parte hartzen dute. Lea-Artibai eskualdeari dagokionez, tokiko lan-taldearen barruan, ondarearen inguruko politikak garatzen dituzten erakundeekin elkarlanean ari gara: Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saila, Eusko Jaurlaritzako Kultura saila eta Ondare Kulturaleko Zuzendaritza, Hazi, Basquetour, Lea-Artibaiko udalak eta enpresa-sarea (enpresa eta kofradia elkarteak barne), kultura eta ondare elkarteak eta biztanleria orokorrean.
HERICOAST-Interreg Europa proiektuko hurrengo urratsa eskualde bakoitzeko 5 praktika on identifikatzea izango da, maiatzean Gaztela eta Leonen proiektuko partaide guztiok ospatuko dugun topaketan aurkezteko.