Ondarroako mapa berria aurkeztu du Ondarroako Udalak, gaurkotua, dinamikoa eta lau hizkuntzatan

0

Ondarroako mapa berria egin eta aurkeztu du Ondarroako Udalak, mapa gaurkotua, dinamikoa eta lau hizkuntzatan: Euskara-Gaztelera, Euskara-Ingelera eta Euskara-Frantsesa. Aurkezpenean egon dira Zunbeltz Bedialauneta alkatea, Yolanda Burgoa Turismo Bulegoko arduraduna eta Amaia Diz Kresaltartin Turismo Neskatilen elkarteko arduraduna.

Jatetxe eta tabernen zerrenda eta telefonoak ere badaude mapa berrian.

Aurtengo uda inoiz baino bereziagoa izango da Koronabirusak eragindako egoera dela eta. Horren aurrean, udalak, gertuko turismoari zein atzerritik datorrenari eskaini ahal izateko baliabidea eguneratu nahi izan du, Ondarroa bisitatzera datozenek informazio gaurkotua eduki dezaten. Hiru ardatz eduki dira oinarritzat mapa egiterakoan: natur baliabideak, zerbitzuak eta ondarea eta izaera propioa. Natur baliabideei dagokienez ura izan da ardatza: errekaren alboko oinezko bideak, hondartza, ur-jarduerak, Alleriko padurak eta itsasoa. Zerbitzuei dagokienean herriko ostalaritzak ematen duen eskaintza anitza: hasi jatetxeetatik eta mota guztietako tabernetaraino dagoen aukera zabala. Eta guztia borobiltzeko izaera propioa, herrian eta herritarretan oinarritutakoa eta bisitariei tratu gozoa eskainiz, turismoa ardatza izan beharrean turistentzat ardatza herria eta herritarrak izaten.

Hondartza, turismo aktiboa egiteko aukerak, herriko ondarea eta zerbitzuak eta turismo jasangarriaren aldeko apustua erakusten ditu, besteak beste, mapa berriak. Gure herriko produktua jarri nahi dugu balioan, egiteko modua, gertukoa.

Kirol portua eta Alde Zaharra.

Mapa berria egitearen helburua herria bisitatzera datozenei zerbitzu gaurkotua eskaintzeaz gain euskarri bakar batean informazio, argazki, telefono eta leku aipagarrienen bilduma bat sortzea izan da. Orriaren alde batean Ondarroako mapa dago, kale izenekin, leku aipagarrienekin eta herriaren ezaugarri diren hainbat argazkirekin. Horrez gain, puntu interesgarriak non dauden ere identifikatzen dira: anbulategia, postetxea, portua, autobus eta taxi geralekuak, liburutegia, jatetxeak… Horrez gain, Ondarroan zehar egin daitezkeen ibilbideak ere identifikatuta daude: Berriatuatik datorren Errege Bidea Saturraraneraino edo Artibai ibaiaren ertzetik hondartzaraino egin daitekeen ibilbidea kasu. “Ibilbide hauek identifikatzea oso garrantzitsua iruditu zaigu, geroz eta jende gehiago etortzen baita oinez egitera, bai GR bideetatik eta baita herritik ere. Errege Bidetik Saturraraneraino zebrabide bakar bat soilik igarota iristeko aukera ematen du Ondarroak”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Arrigorri hondartza eta badia.

Euskarriaren beste aldean, ostera, herriko monumentu edo eraikin azpimarragarriei buruzko informazioa dago: Alde Zaharra, Itsasaurre zubia, Likona Dorrea, Andra Mari eliza. Horrekin batera herriko telefono interesgarrien zerrenda dago: garraioak, pentsioak, jatetxeak, gozotegiak… Amaieran, herriko tabernen zerrenda bat ere badago, telefono zenbakiekin. Guzti honekin batera herriko turismo aktibo eskaintza ere agertzen da: alde batetik portuan bisita gidatuak egin eta euren lana erakusteaz arduratzen diren Kresaltartin Turismo Neskatilak eta bestetik Arrigorri hondartzan uretako jardueren zerbitzua eskaintzen duen Koasta (paddle surf, kayak, big-sup).

Lau hizkuntzatan. Turismo Bulegoa bisitatzen duten pertsonen profila kontuan harturik, lau hizkuntzatan egin da mapa, beti ere euskara oinarri hartuta. Euskara-Gaztelera, Euskara-Ingelera eta Euskara-Frantsesa. “Hizkuntzei dagokienez hemen dago aldaketarik handiena: lehen, Euskara-Gaztelera eta Frantsesa-Ingelera ziren Ondarroako mapak. Orain, Euskara da guztien oinarri. Ikus dezatela guztiek Euskaraz bizi garela”. Turismo Bulegoko arduradunek azaldu dutenez Ondarroako turismo eredua ez da masifikazioan oinarritutakoa: Ondarroa ez da egungo eredu turistikoetan oinarritzen den herria. Hango eta hemengo bistariak etortzen dira, euskaldunak zein atzerritarrak, eta guztiei arreta gozoa eta gertukoa eskaintzea da gure helburua. Gehienak eguna pasatzera etortzen dira, eta gure helburua da gurean dauden bitartean eskuragarri dituzten baliabide guztien berri ematea, bai herriaz eta naturaz gozatzeko eta baita herriko zerbitzuez gozatzeko ere”.

Hiru ordezkariak, Zubi Zaharrean, mapa eskuetan.

ONDARROAKO TURISMO BULEGOA

Kofradia Zaharra z/g

Telf: 94 683 19 51

turismobulegoa@ondarroa.eus

HONEKIN LOTUTA:

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina