Azarotik aurrera hondakin organikoak biltzeko edukiontziak jarriko ditu Ondarroako Udalak eta Lea-Artibaiko Amankomunazgoak, herritar guztiek hondakin organikoak birziklatzeko aukera izan dezaten. Orain arte erabili dugun edukiontzi grisa bi edukiontzirekin ordezkatuko da, errefusaren edukiontzia eta hondakin organikoak biltzeko edukiontzia. Sistema berriak gainera, gure eskualdeko ezaugarriak aintzat hartu eta hondakin landare eta animalia hondakinak bilduko ditu. Lea-Artibaikoa izango da bi hondakin organikoak biltzen dituen Bizkaiko eskualde bakarra. Hondakinen bilketan urrats berri bat eman da Ondarroan ere, sistema berri honekin hondakin gehiago bereizi eta birziklatuko delako.
Orain arte, sistema berriaren funtzionamenduaren inguruko azalpenak emateko eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko auzo batzarrak antolatu ditu Ondarroako Udalak. Orain sistema berria martxan jartzearekin batera, Lea-Artibaiko Amankomunazgoak hezitzaile batzuk izendatu ditu etxez etxe herritar guztiei funtzionamendu berria azaltzeko.
Hezitzaileak arduratuko dira etxe guztiei banatzeaz hondakinak biltzeko 10 litroko ontzi txikia, poltsa konpostagarri sorta bat, edukiontzia zabaltzeko tarjeta magnetiko pertsonalizatua, hozkailuan jartzeko pegatina magnetikoa eta hondakinak nora bideratu behar diren zehazten duen eskuorria. Informazioa banatuko duten hezitzaile hauek Lea-Artibaiko Amankomunazgoarekin lotutako identifikazioa eramango dute herritarren artean nahasmenik edota deskonfidantzarik sor ez dadin.
Udalarentzat garrantzitsua da herritarrek sistema berria ondo ulertzea eta horregatik beharrezkoak diren bilerak egiteko prest dago. ‘Ondarroan %30a baino ez dugu gaika biltzen kopurua azken urteetan igo bada ere, oraindik lortu behar ditugun helburuetatik urrun gaude’ azaldu du Zunbeltz Bedialauneta herriko alkateak. Udalak funtzionamendu aldaketa honekin gaika jasotako hondakinen kopurua %70era igotzea espero du.