Herriko katu koloniak elikatzeko baimendu txartelak banatuko ditu Udalak, Babestu elkartearen laguntzarekin

0

Babestu, Ondarroako Katuen Babeserako elkartearen ekimenez eta Ondarroako Udalaren bitartez, herriko kaleetan bizi diren katuen koloniei jaten emateko baimena ematen duten txartelak banatuko dira.

Helburua, kaleko katuei nork, non eta zer jaten ematen dien kontrolatzea da, orain arte sortu diren eragozpenak saihesteko: janari desegokia ematea, kalean janaria geratzea eta horrek beste animalia batzuk erakartzea… Txartelak, udaletxeko Erregistro Orokorrean dagoen inprimaki berezia betez eskatu daitezke, edo bestela orri hau bete eta udaletxean entregatuz: DESKARGATU ORRIA.

Katuak elikatzeko baimendu txartela eskatzen dutenek, honako betebehar hauek hartu beharko dituzte kontuan:

  • Kolonietako katuak bakarrik katuentzako janariarekin elikatuko dira.
  • Baimenik gabe ezingo da katuen elikatze-puntu berririk sortu.
  • Katu koloniaren elikadura-eremua garbi edukitzea: pentsua eta ura ontzi garbietan ipiniko dira. Janaria ez da lurrean utziko.
  • Gune bakoitzak Babestu elkarteko kide bat izango du koordinatzaile lanak egiteko. Guneko koordinatzaileari abisatu beharko da beti katu kolonietan aldaketa edo arazoak sortzen badira: katuak ezin elikatu, arau guztiak bete arren bizilagunekin arazoak, katu kume berrien jaiotza, katu heldu berriren baten agerpena, etab.
  • Hemen adierazitakoak jarraitu ezean txartela kendu ahal izango da.

Ondarroako udalerrian animaliak eduki eta babesteko Ordenantza arautzailearen arabera, baimenduta ez daudenek debekatuta daukate kaleko katuei jaten ematea. Honela dio ordenantza horretako 10. artikuluaren bigarren puntuak: “Debekatuta dago bide publikoan eta orubeetan hegazti, txakur, katu eta kaleko beste edozein animaliari janaria ematea hartarako berariazko baimenik gabe”.

Ondarroako Udala oso eskertuta dago Babestu elkarteak abiarazitako ekimenekin, herriko animalien ongizatea bermatze aldera eta pertsonen eta kaleko katuen elkarbizitza hobetze aldera egindako urratsak garrantzitsuak baitira.

HONEKIN LOTUTA:

Baimendu gabe, katuei utzitako janaria, Arrigorriko azpiko pasabidean.
Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina