Herritarrekin eta tabernariekin egindako hiru batzarren ondoren Ondarroako Udalak terrazen ordenantza berria ostiralean onartu du. Hiru eremu banatuko dira herrian zehar, eta gune bakoitzak bere ezaugarrien araberako araudia izango du.
Beraz, terraza tipo bakoitzerako eremu ezberdinak egongo dira Alde Zaharrean, Itsasaurren eta gainerako lekuetan. Alde zaharrean ezingo dira estalki finkorik jarri eta beste bi guneetan baldintzen araberakoa izango da.
Terraza finkoa jartzeko inguruko bizilagunek erabakian parte hartu ahalko dute. Bizilagun bidea oztopatu, komertzioen ikusgarritasuna txikitu edo bestelako arazorik sortuko balute terrazak, denon oniritzia jaso beharko du mantentzeko. Honela, tabernari eta herritarren artean adostasunak bilatzea da Udalaren asmoa.
Eraikinen fatxadan edozein motako terrazak finkatzeko baimena etxejabeen komunitateak eman beharko du. Era berean portaletik gutxienez bi metroko distantziara jarri beharko dira terrazak, etxejabeek kontrako baimenik eman ezean.
Espazio publikoa guztiok disfrutatu eta aldi berean, tabernariek zerbitzu hobea eskaintzeko neurria adostasunak bilatuz eraiki izana nabarmendu du Udalak.